Ekonomia -
Lan-gatazkak
Astelehen korapilotsua espero da aireportuetan
Loiun 29 hegaldi bertan behera geratuko dira. Spanairren auzian, berriz, konpainiak urtarrileko nominaren zati bat ordaindu die langileei eta erabiltzaileei ditua itzultzea negoziatzen ari da.
Erredakzioa
Astelehena egun zaila izango da aireportuetan. Loiun, esaterako, Spanairren itxierak 23 hegaldi atera barik geratzea ekarriko du, Aenak Europa Press albiste agentziari aditzera emandakoaren arabera.
Spanairren egoerari Iberiak deitutako grebaren ondorioak gehituko zaizkio. Ondorioz, Loiun Madrilera zihoazen sei hegaldi lurrean geratuko dira eta bi hegazkin bakarrik joango dira Espainiako hiriburura.
Hala ere, astelehenean Madrilera joateko aukera gehiago izango dira: Easyjet konpainiak Loiu eta Madril lotzeko hegaldiak otsailaren 19tik martxan jartzea aurreikusita zuen baina asmo hori astelehenera aurreratzea erabaki du.
Gauzak horrela, Bilbo eta Madril artean egunean lau hegaldi izango dira. Gerora, kopurua zortzi hegaldira igotzea espero dute.
Spanairrek, mila euro langileei Spanairrek mila euro ordaindu dizkie langileei, urtarrileko nominaren zati bat, Ricardo Oso enpresa batzordeko presidenteak Europa Pressi esandakoaren arabera.
Enpresako iturriek adierazi dutenez, hurrengo egunetan langile bakoitzari zor diona ordaintzeko itxaropena daukate.
Spanairren itxierak 2.000 lanpostu kolokan utzi ditu. Lurreko eta bulegoetako langileak astelehenean lanera joan beharko dute, enpresak komunikatu batean jakinarazi bezala.
Ordaindutakoa berreskuratu
Spanair eta Aire-Garraioaren Nazioarteko Elkartea akordio batera iristear daude bidaiariei erabili gabeko txartelen dirua bueltatzeko asmoz.
Konpainiak komunikatu batean esan duenez, akordio horri esker "bidaia agentziek dirutan edo transferentziaz ordaindutako txartelen dirua bidaiariei itzultzeko aukera izango dute".
Txartelak webgunean edo bidaia agentzia beatean kreditu txartela erabilita erosi dituztenek, aldiz, euren banketxeekin hitz egin beharko dute.
Itxieraren ondorengo lehen aste honetan, Spanairrek 83.006 bidaiari hegaldirik gabe utziko ditu.