Itxi

Ekonomia

Lan-gatazka

Tubacexek iragarri du ez duela kaleratzeak baliogabetzeko erabakiaren aurkako helegitea kenduko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Enpresako Zuzendaritzak, halaber, ohartarazpena egin die Amurrioko eta Laudioko fabriketako langileei: "Grebari eusteak ondorio konponezinak ekar litzake".

  • Tubacexek Laudion duen fabrika. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.

    Tubacexek Laudion duen fabrika. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.

Tubacexeko Zuzendaritzak argi utzi du ez duela kaleratzeak baliogabetzeko EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurkako helegitea kenduko; halaber, ohartarazpena egin die langileei: "Grebari eusteak ondorio konponezinak ekar litzake".

Enpresak Laudion eta Amurrion dituen fabriketako Zuzendaritzak gutuna bidali die langileei. Testuan, egoera "dramatikotzat" jo du, langileentzat, horien senideentzat eta enpresarentzat; izan ere, enpresak aurrera jarraitzea "zalantzan dago".

Gogora ekarri du enplegu-erregulazioko espedienteak kaltetutako langileei eskaintza egin ziela lanpostuetara mailaka bueltatzeko; horrez gain, nabarmendu du asmo "argia" izan duela "beharrezko industria-planei jarraipena emateko, energia-iragate sakonarekin bat egitea helburu". Zuzendaritzaren esanetan, "kostuak doituta, fabrika hauetako enplegua luzarorako izango da bermatuta".

Proposamena gogorarazita, azaldu du bilerak izan dituela Enpresa Batzordearekin; gutunean ziurtatzen duenez, Zuzendaritzak, "gaur-gaurkoz", ez du jaso, ordezkaritza sindikalaren aldetik, "erantzun zehatzik, benetako eskakizunak izateko".

Zuzendaritzaren iritziz, horren arrazoia da Enpresa Batzordeko kide batzuen asmoa dela "enpresa behartzea babes judizial efektiboari uko egitera", helegitea kenduz. Konpainiak, baina, nabarmendu egin du ez duela helegitea kenduko.

"Blokeo-egoera honek ez du zentzurik, eta ondorio konponezinak ekar litzake", dio Zuzendaritzak gutunean; beraz, langile guztiei dei egin die lanpostuetara "aske" bueltatzeko.

Lanera itzultzeko interesa duten guztiei zuzendu zaie, eta adierazi die fabriketan ahalik eta jarduera handiena izango dela abuztuan; asmoa da abuztuaren 30eko astetik "erabateko errendimenduan" izatea.

"Zuzendaritzak greba-eskubidea errespetatzen jarraituko du, eta Enpresa Batzordeari eskatzen dio, halaber, lan egiteko eskubidea errespetatzea", amaitu du gutunak.

Ia sei hilabeteko greba

Tubacexek Amurrion eta Laudion dituen fabriketan ia sei hilabete daramatzate greban; izan ere, enplegu-erregulazioko espediente bat abiatu zuten, eta, horren ondorioz, 129 lanpostu bertan behera geratu ziren: 95, kontratu-desegite, 12 aurretiko erretiro eta 22 baja sustatu.

Astearte honetan ere, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eskaera egin die Zuzendaritzari eta Enpresa Batzordeari, "malgutasuna izan dezaten, grebari amaiera emateko akordio bat ixteko"; oraingoz, baina, ez dago aurreikusita negoziazioei berriro heltzeko bilerarik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena