Ekonomia -

Legebiltzarrean

Kutxen zuzendaritza organoen luzapena onartu dute

Legea bigarren maila batean geratu da eztabaida EAJk, PSEk eta PPk bultzatutako zuzenketa transakzionalean eman baita. EAk zuzenketa hori "legez kanpokoa " dela salatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak euskal aurrezki kutxen zuzendaritzak luzatzeko legea onartu du Euskal Kutxen Legea indarrean sartu harte. Luzapenaren legea EAJ, PSE, PP eta UPyDren aldeko botoak jaso ditu; Aralar, EA eta Ezker Anitza-IU, aldiz, kontra agertu dira.

Kutxen zuzendaritza organoen berritze-prozesuaren etetea zuzenketa transakzional baten bitartez erabaki dute. Zuzenketa horrek Lehiakortasunaren Agintearen Legearen xedapen iragankor bati eragiten dio. Lehiakortasunaren lege hori ere ostegun honetan eztabaidatu eta onartu dute.

Hala ere, legea bigarren maila batean geratu da eta eztabaida EAJk, PSEk eta PPk bultzatutako zuzenketa transakzionalean eman da, horrek kutxen zuzendaritza organoen osaketari eragiten diolako.

Aralarrek eta EAk ez dute bozketan parte hartu, zuzenketa transakzionalarekin haserre baitzeuden, eta Mikel Aranak (IU) kontrako botoa eman du.

EA: legezkotasuna zalantzan

Zuzenketa onartu ondoren, Juanjo Agirrezabalak (EA) idatzi bat zuzendu dio Legebiltzarreko Mahaiari zerbitzu juridikoek zuzenketaren legezkotasunaren inguruko txostena egin eta aurkeztu dezatela eskatzeko. Eskaera hori atzera botaz gero, Auzitegi Konstituzionalera joko duela esan du EAko parlamentariak.

Agirrezabalaren hitzetan, zuzenketa "legez kanpokoa" da Auzitegi Konstituzionalak 2011ko uztailean emandako epaiaren arabera, lege bat ezin baita beste lege baten bidez aldatu, eta hori da, bere ustez, Legebiltzarrean egin dutena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea