Ekonomia -

Hegaluzearen arrantzaldia

Hegaluzearen kuota banatzeko eskatu dio Tapiak Ministerioari, horrenbesteko "lehiaz" ez aritzeko

Baxurako arrantzaleek gauerdian bukatu dute kanpaina, azken urteotako laburrena, eta guztira 9.536 tona harrapatu dituzte.

Arrantzaleak harrapatutako hegaluzeak deskargatzen. Argazkia: Irekia
Arrantzaleak harrapatutako hegaluzeak deskargatzen.
EAEko arrantza-ontziek 9.536 tona hegaluze harrapatu dituzte

2:25

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko arrantzaleek gauerdian itxi dute hegaluzearen kanpaina, guztira 9.536 tona harrapatuta. Azken urteotako arrantzaldi laburrena izan da, baina oso balorazio ona egin dute arrantzaleek.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua Hondarribian (Gipuzkoa) izan da gaur goizean hegaluzearen kanpainaren amaiera bertatik bertara jarraitzeko. Nabarmendu duenez, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleak "lehia bizian" ibili dira aurten, Asturiasko eta Kantabriako ontziak ere modalitate horretan ibili baitira. Horren ildoan, kuotak banatzeko eskatu dio Ministerioari: "Pentsatzen dugu iritsi dela unea kuotak banatzeko, ontzika, kofradiaka edo erkidego autonomoari atxikita, ontziek aurrerantzean profesionaltasunez, behar bezala planifikatuta eta ondo antolatuta lan egin ahal izan dezaten, aurtengo estresik gabe".

Tapiak emandako datuen arabera, euskal arrantza-ontziek 9.536 tona harrapatu dituzte. Kuota hori Estatuan arrantzatutako guztiaren % 57 da, eta ehuneko hori oraindik esanguratsua bada ere, EAEn hegaluzearen arrantzak beheranzko joera duela erantsi du sailburuak, Kantauri isurialdeko beste erkidego batzuetako arrantzaleak ere hegaluzetan ibili direlako.

Horren ildoan, euskal arrantzaleek hegaluzeak harrapatzeko darabilten sistema defendatu du Tapiak. Izan ere, arrainak banan-banan harrapatzen dituzte, trazabilitatea erabat bermatuta. Arrantzatzen den unean, Eusko Label zigilua jartzen diote piezari, eta kalitatearen eta jatorriaren zigilu horrek adierazten du, besteak beste, pieza bakoitza zein ontzik harrapatu duen.

Tapia, arrantzatutako hegaluzeei begira.

Horri kontrajarriz, Irlandako ontziek erabiltzen dituzten "sare pelagikoekin harrapatzeko sistema agresiboa" salatu du sailburuak, eta kritikatu du aurten Ondarroako portuan ere deskargatu dituztela.

Tapiaren hitzetan, Jaurlaritza ez dago ados arrantza-sistema horrekin, eta behin baino gehiagotan salatu izan du Ministerioaren eta Europako Batzordearen aurrean. 2018. urtean Euskadiko Administrazioak dekretu bat onartu zuen Euskadiko portuetan deskarga horiek debekatzeko, baina Estatuko Administrazioak zintzilik utzi zuen "lehia askea babesteko".

Alde horretatik, Tapia sailburuak adierazi duenez, "arrantza pelagiko hori eragozteko dauden mugak ikusita, oraindik ere gehiago baloratu behar dugu Euskadiko arrantzaleen jarduna eta emaitza". Sailburuak Euskadiko ontziekiko konpromisoaren aldeko deia egin du, eta adierazi du administrazio gisa, gizarte gisa eta kontsumitzaile gisa, horren arabera jokatu behar dugula eta arduraz kontsumitu behar dugula. "Ingurumenaren jasangarritasunaren aldeko konpromisoa eta sektoreari begirunea eta enpatia adieraztea da", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua bideoak Hondarribia bideoak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Arrantza kanpaina azken ordukoa