Ekonomia -
Bilera Parisen
Merkelek eta Sarkozyk euroguneko egoera ekonomikoa aztertuko dute
Siriako egoeraz ere mintzatuko dira gaurko bileran, Errusiak eta Txinak Damaskoren kontrako ebazpenari betoa jarri eta gero.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra Parisen bilduko dira gaur ekonomia arloan lankidetza indartzeko, eta baita Siriako egoera aztertzeko ere.
Merkelek eta Sarkozyk Frantziako eta Alemaniako telebista kateekin elkarrizketa hitzartu dute bileran adostutako aurrerapausoen berri emateko, euroguneko "konbergentzia fiskalaren" inguruan hitz egingo dute, batik bat.
Francois Baroin Frantziako Finantza ministroak esan duenez, Merkelen bisitak Europar Batasuna bide beretik doala bermatzeko balioko du. "Frantziaren eta Alemaniaren artean akordiorik ez badago, horrek Europaren nazioarteko lehiakortasuna murriztuko luke, eta kaosa ekarri ere bai", esan du Baroinek.
Horrez gain, bileran "agiri orlegi" bat sortuko da, bere helburua Europar Batasunean "Europako Batzordeak hazkuntza eta enpleguaren baitan adostutako akordioen inguruan" eztabaida piztea da, Michael Link Parisen eta Berlinen arteko harremanen koordinatzaile alemaniarraren arabera.
Horrez gain, hainbat iturriren arabera, Merkelek eta Sarkozyk Siriako egoera ere aztergai izango dute gaurko batzarrean, Errusiak eta Txinak Damaskoko erregimenaren jarrera gaitzesteko ebazpenari jarritako betoa eta gero.