Ekonomia -
Ipar Euskal Herria
Laborantza-lur batzuen salmenta “espekulatiboa” oztopatzea lortu dute Arbonan
Ia 80 eguneko okupazio baten ondoren, laborantzarako egokiak diren 15 hektareako lursail baten salmenta “espekulatiboa” oztopatu dute, erosle-gaia erretiratu ondoren.
EITB Media
Lapurdin, Arbonako lursail baten salmenta "espekulatiboa" gelditzea lortu dute laborariek. Izan ere, 79 egunez lurrak okupatu ondoren, erosle-gaia erretiratu egin da, ELB laborarien sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak atzo, ostegunean, jakitera eman zutenez. Hala ere, laborantzarako egokiak diren 15 hektareako lur horiek eta horietan dauden hiru eraikinak saltzeko prest dago jabea oraindino, baina negoziaketak berriro hasi beharko dira, zerotik.
Salmenta geldiaraztearekin pozik agertu dira okupatutako lursailean batutakoak, "espekulatiboa" zelakoan, baina borrokan eta okupazioarekin segitzeko asmoa dutela iragarri dute, negoziaketek irauten duten bitartean.
Laborantzarako lurrok salmentan jarri zituen jabeak duela zenbait hilabete; 15 hektarea lur eta hiru etxebizitza, hiru milioi euroan. Laboraria ez den erosle-gai aberats batekin akordioa egin zuen jabeak, eta salmenta hori "espekulatiboa" zela iritzita, ELBk eta Lurzaindiak lurrak okupatu zituzten joan den ekainaren 23an, eta bertan egon dira orain arte, erosle-gaia erretiratu den arte.
Lurren zati bat laborantzarako bideratu asmo zuen Safer erakundeak egindako eskaintza ere atzera bota du jabeak, eta proposamen berria egin du: ondasun guztiak berak ezarritako prezioan erostea. Hartara, negoziazio prozesu berria abiatuko da.
ELB sindikatua eta Lurzaindia baikor agertu dira, herritar askoren eta instituzioen babesak bide berri bat ireki duelako.