Ekonomia -
Abuztuko KPI
Prezioak % 0,5 igo dira Euskadin eta % 0,2 Nafarroan abuztuan
Batez ere, elektrizitatearen garestitzeak eragin du prezioen gorakada, handizkako merkatuan markak hausten ari baita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) % 0,5eko igoera izan du Euskadin abuztuan, uztaileko datuekin alderatuta, eta urte arteko tasa % 3,3 igo da.
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera, urteko lehen zortzi hilabeteetan, prezioek % 2,2ko igoera izan dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Arabak % 3,4ko urte arteko tasa izan du, Gipuzkoak % 3,3koa eta Bizkaiak % 3,2koa.
Aurten, hiru lurraldeetan igo da KPIa, neurri handiagoan Araban eta Gipuzkoan (% 2,5), eta Bizkaian % 2koa izan da igoera.
Nafarroan, KPIa % 0,2 igo da uztaileko datuekin alderatuta, eta % 3,6 aurten. Gorakada handienak etxebizitzetan (% 1,6), hoteletan (% 0,9) eta jatetxeetan (% 0,9) izan dira.
Urtea hasi zenetik, gorakada nabarmena izan da etxebizitzetan (% 12,8), garraioan (% 8,5) eta elikagai eta alkoholik gabeko edarietan (% 2,9). Horien aldean, behera egin dute komunikazioek (% 3,3), aisialdiak eta kulturak (% 1,2) eta edari alkoholdunek eta tabakoak (% 0,8).
Batez ere, argindarraren garestitzeak (% 34,9 garestiago urteko tasan) eragin du prezioen gorakada, handizkako merkatuan markak hausten ari baita. Fruten, ibilgailuen eta erregaien prezioek ere gora egin dute.
Estatuan, KPIak % 0,5 egin du gora abuztuan, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, eta urte arteko tasa % 3,3koa izan da, aurreko hilekoa baino lau hamarren handiagoa eta 2012ko urritik izan duen tasarik altuena.
Gorakada horrekin, urteko KPIak zortzigarren tasa positiboa izan du jarraian, eta inflazioak ia bederatzi urtez maila ezezagunetan dago.
Urteko tasak gora egin du autonomia-erkidego guztietan abuztuan, uztaileko datuekin alderatuta: igoerarik handiena Kanarietan izan da, sei hamarren igo baita; Katalunian, Gaztela eta Leonen eta Nafarroan, berriz, igo da gutxien, hiru hamarren, kasu guztietan.