Ekonomia -

ARGIAREN FAKTURA

Argindarraren prezioak arnasa hartu du eta gaur 166 eurora jaitsiko da

Bestalde, sartu dira indarrean Espainiako Gobernuak handizkako merkatuko prezio handien eragina leuntzeko onartu dituen neurri berriak.

Zentral baten artxiboko irudia: EFE
Zentral baten artxiboko irudia
Zentral baten artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunetan marka historiak hausten egon ondotik, handizkako merkatuan argindarraren batez besteko salneurriak % 11,6 egin du behera ostegun honetan. Horrela, gaur, ostirala, 166,29 euro ordainduko dira megawatt orduko (MWh).

Igoera, hain justu, Espainiako Gobernuak onartutako errege lege-dekretua BOEn argitaratu ostean eten da. Dekretu horretan argindarraren prezioaren gorakada leuntzeko neurriak onartzen dira, baina konpainia elekrikoen arabera, iragarritako neurriak beraien kalterako dira, eta Foro Nuklearrak zentral nuklearren itxiera ekarriko duela ohartarazi du.

Arnasaldia gorabehera, Espainian 11 milioi erabiltzaile inguruk erabiltzen duten tarifa arautua kalkulatzeko erabiltzen den poolaren prezioa, eta merkatu librean hornidura kontratatzen duten beste 17 milioientzat erreferentzia gisa balio duena, duela urtebeteko mailak hirukoizten jarraitzen du.

Ordu tarteei dagokienez, gaurko prezioa 188,17 euro (9:00etatik 10:00etara) eta 140,66 euro (14:00etatik 18:00etara) artekoa izango da.

Europa osoari eragiten dioten prezio altu horien atzean gasaren nazioarteko garestitzea eta karbono dioxidoa (CO2) isurtzeko eskubideen prezioaren igoera daude.

Gaur, Erresuma Batuan, esaterako, 173,73 liberatan (204 euro) ordainduko dute megawatt ordua; Alemanian, 156,96 euroan; Frantzian, 157,85 euroan; Italian, 167,7 euroan; eta Portugalen, Espainiako prezio berean (handizkako merkatua partekatzen du).

Hala ere, herrialde bakoitzak bere tarifa arautua kalkulatzen du, hemen PVPC izenekoa (Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa), metodo eta erreferentzia desberdinekin, eta, beraz, poolak etxeen prezio arautuetan duen eragina aldatu egiten da herrialdearen arabera.

Argindarraren prezioa jaisteko Espainiako Gobernuaren neurri berriak

Handizkako merkatuko prezio altuen eragina arindu asmoz, Espainiako Gobernuak hainbat neurri onartu ditu, gehienak argindarraren ordainagiria merkatzera bideratuak; neurri sorta berri hori atzo sartu zen indarrean.

Zortzi neurri berri horiekin zergak jaistea, konpainiak kontrolatzea eta ahulenak babestea bilatzen da. Gobernuaren kalkuluen arabera, fakturaren zati arautua % 47,2ra jaitsiko dute (etxebizitzetan) eta % 24,5era (industrian).

Itzalaldi elektrikoa deitu dute urriaren 8rako

Bien bitartean, Esquerra Republicana eta EH Bildu bezalako alderdi independentistek "itzalaldi elektrikoa" deitu dute urriaren 8rako, Espainiako Gobernuaren "gelditasunagatik". Taldeek salatu dutenez, Espainiako Gobernuak "neurri koiunturalak eta adabakiak baino ez ditu hartu argindarraren prezioen igoeraren eskandaluari aurre egiteko".

Esquerra Republicanak, EH Bilduk, Juntsek, Mes per Mallorcak, BNGk, CUPek eta Mes Menorcak prentsa-ohar bateratu bat kaleratu dute eta bertan iragarri dutenez, "elektrikoen oligopolioaren eta horien mehatxuen" eta "Espainiako Gobernuaren gelditasunaren" aurka egiteko asmoa dute, "iruzur elektrikoari modu estrukturalean aurre egiteko".

Hori dela eta, protesta gisa, urriaren 8rako "itzalaldi elektriko masiboa" eta "lapikokada" deitu dituzte, 22:00etatik 22:30era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea albisteak