Ekonomia -
Eztabaida Radio Euskadin
PSEk eta EAJk greba babestea errefusatu dute 'irtenbidea ez delako'
Radio Euskadiko eztabaida politikoan Aralarrek eta Ezker Anitza-IUk, berriz, babesa erakutsi diote martxoaren 29rako deitu duten greba orokorrari. Halaber, "batasun sindikala" eskatu dute.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak azaldu duenez, alderdi jeltzaleak ez du greba orokorra babestuko, "baliabide erraza delako eta, gainera, suspertu beharreko ekintza ekonomikoan eragina izango duelako". Antzeko adierazpenak egin ditu Radio Euskadiko 'MQP' irratsaioko eztabaida politikoan Jose Antonio Pastor PSEko Bizkaiko idazkariak. Honen esanetan, greba orokorra "ez da irtenbidea".
PSOE: "Ez da irtenbiderik egokiena"
"Ez dut uste greba orokorra babestuko dugunik. Krisi ekonomiko handi honetan irtenbiderik egokiena ez dela uste dut. Alde batetik, sindikatuek plazatutako kritikekin, helburuekin eta kezkarekin bat gatoz baina bestaldetik, ez gaude ados herria mobilizatzeko aukeratutako neurriekin", azaldu du Pastorrek.
Hala ere, buruzagi sozialistaren aburuz, CCOO eta UGT alderdiek igande honetarako deitutako manifestazioa "egokia" da. Halaber, CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuek mobilizazioen egutegia adostearekin bat dator Pastor, "ideologiagatik eman den zatiketa hura gainditzeko" asmoz.
EAJ: "Muturreko neurria"
Bestalde, Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak abian jarritako lan-erreformak "langileen babesgabetasuna areagotzen du eta enpresariei segurtasuna eskaintzen die".
Proiektuari zuzenketak aurkeztearekin eta "planteiatu daitezkeen bestelako neurriekin" batera, EAJ ez dago "greba orokorra bezalako muturreko neurrien alde". "Ez bakarrik egoera larria delako, suspertu beharreko ekintza ekonomikoan eragina izango duelako baizik", azpimarratu du.
"Lanpostuak sortzeko susperraldi ekonomikoa eman behar da, hau da, industrian oinarritutako eredu ekonomiko baten alde egin behar dugu", nabarmendu du Egibarrek.
Ezker Anitz-IU eta Aralar, grebaren alde
Bestalde, Aralar eta Ezker Anitza-IU alderdiek babesa erakutsi diote martxoaren 29rako deitutako greba orokorrari. Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkidearen esanetan, sindikatuak "batera" joan behar dira, "gizarteak hala eskatzen duelako". "Aralarrek greba babestuko du, euskal sindikatuek deitu dutelako", esan du. "Gainontzeko sindikatuak grebara atxikitzera gonbidatzen ditugu", gaineratu du.
Azkenik, Mikel Arana Ezker Anitza-IUko legebiltzarkidearen iritzian, erreformaren eragin maltzurrenak dira batetik, "langileei gizatasuna kentzen dietela" eta bestetik, "ekoizpen kostu bat" bihurtuko dituela. Hori dela eta, "eraso bat izango balitz, honi erantzuna eman behar zaio" eta ondorioz, "greba orokor bat neurrizkoa da". Hala ere, sindikatuen batasun eza deitoratu du.