Ekonomia -

Mikrotxipen krisia

Gasteizko Michelin lantegiari ere eragin dio dagoeneko erdieroaleen krisiak

Autoak ekoizteko mikrotxipen falta automozioko lantegien hornitzaileei eragiten hasi da dagoeneko, domino efektu baten ondorioz. Gasteizko Michelin lantegiak, esaterako, 11 lan-txanda bertan behera utziko ditu gurpilen eskaeran jasan duen beherakada dela eta.

Gasteizko Michelin lantegia. Argazkia: Eitb Media
Gasteizko Michelin lantegia.
Gasteizko Michelin lantegia. Argazkia: Eitb Media

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Automozioan azken hilabeteetan dagoen mikrotxip falta sektore horren hornitzaileei eragiten hasi da dagoeneko. Gasteizko Michelin lantegiaren kasua da, EAEn eragin hori jasan duen lehen lantegi handia; izan ere, auto gutxiago ekoizten denez, domino efektu baten ondorioz, beherakada handia izan du ekoizten dituen gurpilen eskaeran. 

Gasteizko Mercedesen edo Iruñeako Landabengo Volkswagenen ekoizpenean etenaldiak egitera behartu dituen erdieroaleen faltak, eragin zuzena izango du Michelinen; zuzendaritzak jakinarazi duenez, urrian automobiletarako 120 mila pneumatiko gutxiago ekoitzi beharko ditu. Beherakada horren ondorioz 11 lan txanda bertan behera utzi beharko dituzte, urriaren 16tik azaroaren 1a bitartean. 

Zuzendaritzak eta sindikatuek adostutako neurri honek 900 langileri eragiten die, lantalde osoaren ia herena da hori. Baina ez da aldi baterako erregulazio-txostenik izango, galdutako lanegunak hitzarmenean jasotako malgutasunaren bizkar joango baitira. 

Bertan behera geratuko diren txandak honakoak dira: urriaren 16ko gaueko txanda, 17 goizekoa eta arratsaldekoa, 24ko hiru txandak, 30eko gauekoa, 31ko goizeko eta arratsaldeko txandak eta azaroaren 1eko gaueko txanda.  

Hala ere, ekoizpenean beherakada gehiago izango direla aurreikusten du zuzendaritzak eta hala jakinarazi die sindikatuei. 

Lasarteko Michelinen lantegian, momentuz, ez du eraginik izan mikrotxipen krisiak, izan ere, hango ekoizpena mototetarako gurpiletara bideratua dago batez ere eta ez dira Mercedesen eta Volkswagenen euskal lantegien hornitzaile.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Volkswagen Mercedes Benz Industria Automobilgintza