Ekonomia -
Bigarren erreskatea
Espainiak Greziako erreskatearen % 12a jarriko du
Bermeek osatuko dute Espainiako ekarpenaren zatirik handiena. Oraindik kopuru zehatza zehazteke dago, Nazioarteko Diru Funtsak zenbat jarri duen ez baitago oraindik argi.
Erredakzioa
Espainiak Greziako bigarren erreskatearen % 12a jarriko du, astearte honetan Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak esan duenez.
De Guindosek ''pozik'' hartu du erreskaterako akordioa. ''Guri 130.000 milioi euro horien % 12a baino zertxobait gutxiago jartzea tokatzen zaigu, hori baita Espainiak duen pisua, erreskate plan batean murgilduta daudenak (Grezia, Portugal eta Irlanda) albo batera utzita'', azaldu du ministroak Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza Ministroen bileraren ondoren.
Espainiak egingo duen ekarpenaren zatirik handiena bermetan izango da, baina berme horien zenbateko zehatza zehazteke dago oraindik, Nazioarteko Diru Funtsak zenbat jarri duen ez baitago oraindik argi.
Euroguneko beste herrialdeen kasuan erreskatearen herena jarri izan du Nazioarteko Diru Funtsak, baina, oraingoan, bigarrena izanik, kopuru txikiago eskaini du: 13.000 milioi euro.