Ekonomia -

Elektrizitatea

Iraila, historiako hilerik garestiena, argindarraren prezioak zortzi marka hautsi baititu

Alberto Garzon Kontsumo ministroak onartu duenez, elektrizitatearen fakturan igoera etengabeak eragiten ari den merkatuko "tentsioa datorren urteko udaberrira arte luzatuko da erraz, edo gehiago".

Repsol konpainiaren tangak Gijonen (Asturias). Argazkia: EFE
Repsol konpainiaren tangak Gijonen (Asturias). Argazkia: EFE
Repsol konpainiaren tangak Gijonen (Asturias). Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarraren prezioak markak hautsi ditu handizkako merkatuan, hilabete honetan. Horrela, iraila historiako hilerik garestiena bilakatu da, argindarraren salneurriak 8 errekor hautsi baititu; azkena asteazken honetan: 189,9 euro megawatt orduko.

Alberto Garzon Kontsumo ministroak onartu duenez, elektrizitatearen fakturan igoera etengabeak eragiten ari den merkatuko "tentsioa datorren urteko udaberrira arte luzatuko da erraz, edo gehiago". Eragin hori murrizteko neurri fiskalak "egokiak" direla erantsi du.

Diputatuen Kongresuko Osasun eta Kontsumo Batzordean agerraldia egin du ministroak. Argindarraren igoerak "faktore geopolitikoen" eta "merkatu marjinal" baten ondorio direla uste du Garzonek.

Energiarekin lotutako lehengai (gasa, petrolioa eta ikatza) guztien salneurria gora egiten ari da mundu osoan. Era berean, CO2 eskubideak garestitzen ari dira.

Iragan astean argindarraren prezioak lehen aldiz atseden bat eman zuen handizkako merkatuan, irailean markak bata bestearen atzetik hautsi ondoren. Hala ere, aste honetan joera berriro aldatu da; izan ere, iragan astearekin alderatuta, salneurriak % 15 egin du gora. Duela urtebeteko salneurriarekin konparatuta (49,15 euro), % 286ko igoera izan du.

Testuinguru honetan, Espainian elektrizitatearen prezioak aldez aurretik salneurri historikoak harrapatu zituen uztailean zein abuztuan, baina irailak biak gainditu ditu, 167,28 euroko batez bestekoarekin urteko bederatzigarren hilean.

Horrela, handizkako merkatuan, irailean argindarraren prezioa ia laukoiztu da, 2020ko hilabete berdinarekin alderatuta. Orduan batez bestekoa 42 eurokoa izan zen.

Era berean, argindarraren batez besteko salneurriak gora egin du Europan, eta kontinenteko merkatu nagusietan goia jo du, Erresuma Batuan batez ere. 222,02 euro megawatt orduko ordaindu dute bertan, irailean, Espainian baino ia 66 euro gehiago.

Berriztagarriak ekoiztearen kostu txikiagoak kontsumitzaileei eragiteko edo gas naturalaren erosketa zentralizatzeko plataforma bat sortzea eskatu dio Espainiak Bruselari, baina oraingoz arrakastarik gabe.

Bitartean, energiaren prezioak turismoa, elikadura eta ostalaritza bezalako sektoreei eragin diezaiekeela ohartarazi du OCU kontsumitzaileen elkarteak, oraindik pandemiaren ondorioak atzean uzten ari direnean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoari buruzko albisteak Elektrizitatea