Ekonomia -

Osasunberri

Hego Euskal Herriko 27 erakundek gertuko osasuna bultzatzen jardungo dute

17 enpresa, bost ospitale eta hainbat teknologia zentro batu egin dira pandemiak osasun eta teknologia alorrean utzitako "lezioak" garatzeko eta indartzeko. Proiektuak Europako funtsetako dirua jaso nahiko luke.

Tapia eta Irujo, Osasunberri osatzen dute gainerako parte hartzaileekin. Argazkia: Irekia
Tapia eta Irujo, Osasunberri osatzen dute gainerako parte hartzaileekin.
Tapia eta Irujo, Osasunberri osatzen dute gainerako parte hartzaileekin. Argazkia: Irekia

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko 27 erakundek gertuko osasuna edo "0 km-ko osasuna" bultzatzen jardungo dute eratu berri den Osasunberri proiektuan. Eskualdeen arteko lankidetza ekimena gaur aurkeztu dute Bilbon. Sustatzaileek azpimarratu duenez, proiektua bat dator Europarako berreskuratze-planean (Next Generation) jasotako helburu estrategikoekin, eta funts horietatik dirua jasotzea espero dute.

Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua eta Mkel Irujo Nafarroako Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilaria egon dira aurkezpenean, proiektuan parte hartu duten erakundeetako ordezkariekin batera. Euren esanetan, pandemiak utzitako "lezioak" kontuan hartu dituzte ekimena garatzeko, hots, "berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta ekintzailetza osasunaren zerbitzura" jarri behar direla.

Besteak beste, honakoek hartuko dute parte Osasunberrin: farmazia alorreko bi enpresa handi (Faes Farma eta Cinfa), berrikuntza eta biomedikuntzako hainbat enpresa (hala nola, Biolan, Tecnalia edo Naru), bi kluster (Basque Health Cluster tartean), bost ospitale eta bestelako erakunde eta elkarteak.

2023ra arte 142 milioi euroko aurrekontua izango du ekimenak. Osasunberriren helburu nagusia izango da koronabirusaren egungo pandemia eta etorkizunean etor daitezkeen beste batzuk egoki kudeatzea. Horrez gain, biomedikuntzaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Nafarroak izan dezaketen beste herrialde batzuekiko menpekotasuna gainditu nahi da. 

Horren ildoan Tapiak azaldu duenez, "gure etorkizuneko industria garapenak bereziki erreparatu beharko dio balio-kate berrien birdiseinuari; izan ere, covid-19aren krisiak erakutsi digu tokiko hornitzaile baten faltak kate osoa geldiaraz diezagukeela une jakin batzuetan".

Proiektuak lau jarduteko ildo identifikatu ditu. Asmoa da koronabirusa atzemateko eta artatzeko erremintak garatzea, besteak beste, zelulen terapiak, terapia farmakologikoak edo errehabilitazioaren alorrekoak erabilita. 

Ekimenaren bultzatzaileek egindako aurreikuspenen arabera, 296 enplegu sortu eta 400 milioi euroko inbertsioak bereganatuko dituzte, batez ere proiektuaren parte hartzaile handien eskutik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Enpresaburuak Donostia Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea