Ekonomia -

ABELTZAINTZA

Haragiaren sektorea "haragi bizitan" dagoela salatu dute ENBA eta EHNE sindikatuek

Nekazaritzako sindikatuek ohartarazi dutenez, egoerak horrela jarraitzen badu, jarduera desagertu egingo da. Horregatik, haragiaren prezioa "duintasunez ordaintzeko" bideak irekitzeko eskatu dute, "betiere kostuz gainetik eta etorkizuna izateko irabaziak bermatuz".

Harategi bateko mostradorea.
Harategi bateko mostradorea
Harategi bateko mostradorea.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHNE eta ENBA nekazaritzako sindikatuek abeltzainek ekoizten duten haragia "duintasunez ordaintzeko irtenbideak" planteatzea eskatu dute, kostuen igoerak eta prezioen izozteak "jarduerak zuen errentagarritasun txikia desagerrarazten dutelako".

Nekazaritza munduko sindikatuek ohar bateratu batean adierazi dutenez, egoerak horrela jarraituz gero, jarduera desagertu egingo da, "gure ingurumenean sortzen duen onura berekin eramanez, eta zer esanik ez, biodibertsitateari eragingo liokeen kalteaz; izan ere, bertako arrazen mantentzeak ez bailuke etorkizunik".

Azken hilabeteetan etengabe salatzen ari dira abeltzaintzan dituzten kostuen prezioaren igoera jasaten ari direla. "Kostuen prezioa disparatzeak eta gure produktuengatik ordaintzen zaiguna erabat izoztuta egoteak eragiten du itolarria sektorean", horien hitzetan.

"Kasu batzuetan kontsumitzaileak ordaintzen duena eguneratu beharrean dago, eta, bide batez, bitartekarien kostuak murriztu eta marjinak estutu beharko dituzte, baserritarrari bere lana modu duinean ordaindu nahi bazaio, eta horretarako, ezinbestekoa da okelaren kateko partaide guztiek baserritarrok bizi dugun egoeraren larritasunaz jabetzea eta egoerari irtenbideak aurkitzeko elkarlana jorratzea", esan dute.

"Baserritarrok jarduera honetatik errentarik lortzen ez badugu, alferrik dira behiak eta txahal pasteroak, okelaren zikloa bere osotasunean begiratu behar delako, baita irtenbideak ere", ohartarazi dute. "Hau da, okelaren ziklo osorako planteatu behar dira irtenbideak", azaldu dute.

Ildo horretan, bertako haragiarekin funtzionatzen duten guztiei dei egin diete, eta adierazi, dagoeneko txahal haragiaren kanal/kiloko 50 xentimoko gainkostua dutela baserritarrek. "Elikadura Katearen Legeak ezartzen duenaren arabera, produktua ekoiztea kostatzen dena baino gutxiago ordaintzea ez da legala", nabarmendu dute.

Datu horiek kontuan hartuta, baserritarren etorkizunarekin konprometituta daudela dioten eragile guztiei, baserritarrei, ekoizten duten haragiaren prezioagatik ordaintzen zaiena modu duinean ordaintzeko bidea egin dezatela exijitzen diete, "betiere, kostuz gainetik eta etorkizuna izateko irabaziak bermatuz".

"Tokiko elikadura izango da etorkizuneko jendartearen biziraupena bermatuko duen gakoa; beraz, ezin dugu baserririk ez jarduerarik desagertzen utzi", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Sindikatuak