Ekonomia -
Lan Istripua
56 urteko langile bat hil da Eltziegon, paletak garraiatzeko makina batek harrapatuta
11:30ean izan da ezbeharra Viñas Eguia upategian. Osalanek ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko. Sinidkatuek elkarrertaratzea deitu dute datorren asteazkenerako prekarietatearen aurka protesta egiteko.
Eitb Media
56 urteko langile bat hil da Eltziegon (Arabako Errioxa) paletak garraiatzeko makina batek harrapatuta. 10:47ean gertatu da ezbeharra, Eguia upategietan, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, maneiatzen ari zen makinak harrapatuta geratu denean langilea, Osalanek azaldu duenez.
Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira baina hil egin da behargina.
LAB sindikatuko ordezkaria zen hildakoa Eguia upategian; sindikatuak heriotza berri hau deitoratu du eta eskatu du "behingoz eta lehentasunez" agenda politikoan koka dadin arazoa.
LABek ohar batean babesa helarazi die Eltziegoko bizilaguna zen hildakoaren senitartekoei eta hurbilekoei.
ELAk ere langilearen heriotza deitoratu du, eta "sektore honetako langileek gaur egun pairatzen duten prekarietatea" eta "erakunde publikoen erabateko utzikeria" salatu ditu.
"Zoritxarrez, lan-istripu hilgarri hauek lan-baldintza prekarioen ondorio zuzenak dira", adierazi du ELAk, eta Eltziegon gaur gertatutakoarekin bost direla jada aurten Araban lan istripuz hil diren pertsonak.
ELAk, LABek eta "euskal gehiengo sindikalak" elkarretaratzea egingo dute datorren asteko asteazkenean Arabako herri horretan, Prekarietateak hiltzen du. Lan istripu gehiago ez lelopean.