Ekonomia -
Lan gatazka
Metroak doako txartelak emango dizkie lanuzteetan kaltetutakoei
Hala ere, ekimen hori hileko edo urteko txartelak ordaindu dituzten bezeroen mesederako izango da. Ekimen horrek 8.000 euroko kostua izango du Metro Bilbaorentzat lanuzte egun bakoitzeko.
Erredakzioa
Metro Bilbaok metroan ibiltzeko txartelak emango dizkie, doan, langileek lan gatazkaren harira egin dituzten lanuzteetan kalteak jasan dituzten bidaiariei, Txema Oleaga enpresako presidenteak gaur jakinarazi duenez.
Hala ere, ekimen hori hileko edo urteko txartelak ordaindu dituzten bezeroen mesederako izango da. Metroko lanuzteek bezero horietan izan duten eragina arintzea du helburu ekimenak.
Metro Bilbaoko zuzendaritzak gutun bat bidaliko die bezeroei etxera, eta bertan metroaren ibilbide osoan erabili ahal den txartel bat sartuko dute, lanuzte egun bakoitzeko.
Metroko arduradunek martxo hasieran ekingo diote urtarrileko eta otsaileko lanuzteei dagozkien txartelak bidaltzeari.
Ekimen horrek 8.000 euroko kostua izango du Metro Bilbaorentzat lanuzte egun bakoitzeko, eta lan gatazkak irauten duen bitartean egingo dute.