Itxi

2021/10/15

10:22

Ekonomia

Elkarrizketa

Zigor Urkiaga: "Argindarraren dekretua adabaki polit bat izango da, baina ez du arazoa konponduko"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak EAEko industriaren egoera aztertu du, bera baita "jaten ematen diguna". Energia eraginkortasuna handitzearen alde egin du "berriztagarrien lurrunkortasuna" txikitzeko.

  • Urkiaga, elkarrizketaren une batean.

    Urkiaga, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Zigor Urkiaga Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren ustez, atzo Kongresuak onartutako "argindarraren dekretua adabaki polit bat izango da, baina ez du arazoa konponduko".

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) ekonomia industrialaren egoera aztertu du Urkiagak. Azaldu duenez, industria Euskadiko BPGren % 40 da, eta bera, "sektore hori da jaten ematen diguna". Urkiagak esan du industriak energia asko kontsumitzen duela, eta energia horren ia gehiena ( % 92) kanpoan erosi behar dela. Pandemiaren osteko egoera honetan, "ekoizpenak modu basatian egin du gora", eta horrek eskariari eragin dio zuzenean: "Merkatuek ezin izan dute eskaintza eskariaren arabera handitu (...) eta gainera, gure lehiakide batzuk gasa edozein preziotan erosteko prest daude. Enkantean gasak zehazten du azken prezioa", argitu du. Egoera horrek "suspertzea moteldu" dezake, adituaren ustez, baina Espainiako Gobernuak eta batez ere Europak badute eskua sartzea.

"Europak egin behar duena da merkatuaren prezioak zehazteko sistema ondo pentsatzea da. Logikarik ez duena da azken heltzen denak, eta garestien ordaintzen duenak prezioa zehaztea. Bermeoko lonjara zoazenean, bisiguaren prezioak ez du mublearena zehazten... Ba hori da, hain justu, argindarraren merkatuan gertatzen dena", azaldu du.

Hori horrela, esan du litekeena dela datozen hilabeteetan, Sidenorrek eta ArcelorMittalek iragarri bezala, enpresek geldialdiak egitea.

Urkiagaren esanetan, arazoa konponbidean jartzeko gakoetako bat energia eraginkortasunean gehiago inbertitzea izango da. "Gutxiago kontsumitu behar dugu, energia berriztagarri gehiago ekoitzi, eta hura gehiago bildu. Horrela, berriztagarrien lurrunkortasuna murriztuko genuke", erantsi du.

Fracking-ari edo nuklearren auziari buruz galdetuta, Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak adierazi duenez, "onerako edo txarrerako, eztabaida horiek itxita ditugu Euskadi", lehena duela gutxi (frackinga debekatzeko legea onartu zuen Espainiako Gobernuak), eta bigarrena, orain 40 urte.  Nolanahi ere, arlo horretan geure burua engainatu behar ez dugula  azpimarratu du: "Nuklearrek sortutako energia kontsumitzen dugu, baina ez dugu ekoizten".

Energia berriztagarrien inguruan, ohartarazi du trantsizio ekologikoa "doakoa" izango ez dela. "Baten bati tokatuko zaio haize sorgailu bat parean. Hori bai, ez gara horretan potentzia bat izango: ez dugu Tarifan duten haizea, edo Kanarietan duten eguzkia", arrazoitu du. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;