Ekonomia -

Elektrizitatea

"Eten labur eta selektiboak" egingo ditu ArcelorMittalek Bergarako eta Olaberriko lantegietan

Argindarraren prezioak eragin handiena duen ordu jakinetan etenak egiten hasi dira dagoeneko enpresaren Europako hainbat lantegitan. Zumarraga, Etxebarri, Sestao eta Lesakako lantegietan ez da halako neurrik hartuko.

Arcelor Mittal Olaberria. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Arcelor Mittal Olaberria.
''Eten labur eta selektiboak'' egingo ditu ArcelorMittalek Bergarako eta Olaberriko lantegietan

1:17

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarraren kostua dela eta, ekoizpenean "eten labur eta selektiboak" egitea erabaki du ArcelorMittal altzairugintzako multinazionalak bere lantegi batzuetan, argindarraren kostu handiarengatik. Neurri horrek zuzenean eragingo die Bergara eta Olaberriko lantegiei. 

Europako beste lantegi batzuetan hasiak dira dagoeneko etenak egiten, argindarraren prezioak eragin handiena duen ordu jakinetan

ArcelorMittal Europa enpresaren erabakiak altzairutegi elektrikoetan produktu luzeak ekoizten dituzten lantegiei baino ez die eragiten, hori da Bergara eta Olaberriaren kasua (ekoizpen gune bakartzat du multinazionalak), eta 510 langilek egiten dute lan bertan. 

Olaberriko altzairutegiak eraikuntzarako profil ertainak ekoizten ditu, eta Bergarakoak, aldiz, Olaberritik iristen zaion produktua prozesatzen du eta profil arinak ekoizten ditu, horiek ere eraikuntzarako. 

Konpainiak onartu du "eten labur eta selektiboak" egin behar izan dituela produktu jakin batzuk ekoizten dituzten arku-labe elektriko batzuetan, eraikuntzarako lan egiten dutenak oro har. 

ArcelorMittalek azaldu duenez, neurri honekin aurre egin nahi diote energiaren prezioaren eguneroko ezegonkortasunari, "erronka itzela baita egoera honetan altzairua ahalik eta modurik merkeenean ekoiztea". Hala ere, ez du uste neurri honek ekoizpen bolumenean edo bezeroen eskaerari erantzuteko gaitasunean eragin handirik izango duenik. 

Neurriak ez du eraginik izango altzairutegiak Euskal Herrian dituen gainerako lau lantegietan: Zumarragakoan (txatarra banatzen du), Etxebarrikoan (latorria eta txapa ekoizten ditu), Sestaokoan (altzairutegi elektrikoa izan arren, produktu lauak ekoizten dituena; beroan ijeztutako bobinak, hain zuzen), eta Lesakako lantegian (produktu galbanizatuak eta aurrelakatuak ekoizten dituena).

Erabakiak ez du eraginik izango Gijongo eta Avilesko (Asturias) lantegietan ere. Horietan 5.000 lagunek egiten dute lan, Espainiako Estatuan altzairutegiak guztira dituen 8.000 langiletako erdia pasatxo. 

Euskal Herriko eta Asturiasko lantegiez gain, Espainian dituen beste lantegiak Pedrolan (Aragoi), Sagunton (Valentzia) eta Villaverden (Madril) daude. ArcelorMittalek Europan urtean 40 milioi tona altzairu ekoizten ditu, horietatik 10 eraikuntzaren sektorerako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Bergara Albisteak Elektrizitatea Industria Metalgintza Debagoieneko azken ordukoa