Ekonomia -

ArcelorMittal

Sestaoko ACBk ekoizpena etengo du datozen asteetan

Enpresa batzordeak salatu duenez, sindikatuek muzin egin zioten enpresak egin asmo zituen "antolaketa aldaketa" batzuei eta horregatik egingo dute geldialdia. Zuzendaritzaren arabera, ordea, CO2 isuriak murrizteko hobekuntza lan batzuk tarteko etengo dute ekoizpena.

Sestaoko ACB. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia.
Sestaoko ACB. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia.
Sestaoko ACB. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko ACBk (Bizkaiko altzairu fabrika), ArcelorMittal taldekoak, ekoizpena etengo du 2022ko hasierara arte, enpresa batzordeak zein zuzendaritzak jakinarazi dutenez. Nolanahi ere, erabakia hartzeko arrazoi ezberdinak eman dituzte bi aldeek.

Enpresa batzordeko kide diren UGT, CCOO, LAB eta ELA sindikatuek salatu dutenez, langileen ordezkariek ez zituzten onartu enpresak egin nahi zituen "antolaketa aldaketa" batzuk, eta hori dela eta ebatzi du geldialdia egitea.

Sindikatuek "erabat baztertu" dituzte zuzendaritzak ekoizpena eteteko emandako arrazoiak, eta kritikatu dute "aldi baterako 70 langile baino gehiago kaleratuko" lituzketela.

Enpresa batzordearen arabera, "horrelako geldialdi batek langileei eragiten dizkien babesgabetasuna eta urduritasuna baliatu du enpresak alderdi sozialari xantaia egiteko. Ekoizpenari berriro ekiteko antolaketa aldaketa horiek onartzea jarri digute baldintzatzat, baita hitzarmeneko puntu batzuk ere berrikustea ere".

Azaldu dutenez, proposamenari uko eginez gero, zuzendaritzak "kaleratzeekin jarraitzearekin, aurre-erretiro egoeran dauden langileen irteera blokeatzearekin eta urtarrilerako plantaren berrabiaraztea ez ziurtatzearekin mehatxu egin du".

Sindikatuen esanetan, "egia bada energiaren egungo egoerak eragin zuzena izan duela transformazio kostuetan eta gure produktuen lehiakortasuna gutxitu duela, baina enpresak etekin handiak ditu. Ekoizpena etetea erabaki du zuzendaritzak, beste behin langileen eta diru publikoaren kontura. Gainera, altzairu eskari handiaren aurrean irabaziak areagotzeko, multinazionalak argindarraren kostua txikiagoa duten beste ekoizpen zentroetara bideratu du ekoizpena".

"Hobetze lanak", ArcerlorMittalen hitzetan

Bestalde, ArcelorMittal Sestaoren zuzendaritzak jakinarazi du etenaldia "aurreikusitako ingeniaritza lanak burutzeko" egingo dutela. "Hobekuntza plan baten testuinguruan" kokatu kokatu du enpresak geldialdia, bi helburu izango dituena: 2023rako urteko ekoizpen ahalmena 1,6 milioi tonara igotzea eta ekoitzitako 500 kilo bakoitzeko CO2 isuriak jaistea.

Enpresaren arabera, aldaketoi esker "XCarb* etiketadun altzairua (% 100ean energia berriztagarriekin egindako altzairua) ekoitziko du ACBk 2022ko bigarren hiruhilekoaren aurretik, bezeroek egindako eskariei erantzunez".

Multinazionalak Europa Press agentziari azaldu diotenez, hobetze lan horiek abendurako zeuden aurreikusita baina hilabete aurreratu dituzte "argindarraren garestitzeagatik". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Sestao Zer gertatu da Bizkaian? ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Sindikatuen albistea CCOO albisteak UGT albisteak Euskal Herriko kutsadura Burdingintza