Ekonomia -

LAB sindikatua

LABentzat kotizazio sozialen igoera ez da nahikoa baina "norabide onean joan daiteke"

LABek ez du ordezkaririk elkarrizketa sozialerako mahaian, baina "eragiten" saiatuko da, PSOEri eta Podemosi gutunak bidalita. Halaber, EAJri eta EH Bilduri eskatu die botoak "Euskal Herriko langileen zerbitzura" jar ditzatela.

Garbiñe Aranburu, gaur. Argazkia: EFE
Garbiñe Aranburu, gaur.
Garbiñe Aranburu, gaur. Argazkia: EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak gaur adierazi duenez, Espainiako Gobernuak kotizazio sozialak igotzeko egindako proposamena "ez da nahikoa" pentsio publiko duinak bermatzeko, baina "norabide onean joan daiteke".

Aranburuk, Xabier Ugartemendia LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariarekin batera agerraldia egin du gaur Bilbon, sindikatu abertzaleak lan-erreformaren eta pentsioen sistemaren inguruan Estatu mailan irekitako eztabaiden inguruan duen jarrera azaltzeko.

Datozen asteotan gai hauetan "erabaki garrantzitsuak" espero direla adierazi du, eta LABek eztabaida horietan ordezkaririk ez duen arren, sindikatu abertzalea horietan "eragiten" saiatzen ari da. PSOEri eta Podemosi gutun bana bidali die, euren "ahotsa" entzun dadin, eta hainbat eskaera igorri dizkie.

Besteak beste pentsio publiko duinak bermatzeko eskatu dute, eta, horretarako, diru-sarrerak handitzea, soldatak hobetuz eta lanbide arteko gutxieneko soldata gehiago igoz, bai eta gizarte-kotizazioak handitzea ere, kotizazioaren mugak kenduta eta enpresei zergak areagotuta.

Horren harira, eskatu du, proposatutako neurriak nahikoak ez badira, aurrekontuen eta fiskalitatearen bidez jardun daitezela, pentsio sistemari egokitutako diru-sarrerak bermatzeko.

Horrez gaien, "lan erreforma bertan behera uzteko promesa betetzeko" ere eskatu die PSOEri eta Podemosi gutun horretan, eta CEOEren "xantaiari" men ez egiteko : "Ez dira bateragarriak, lan erreforma indargabetzea eta patronalarekin ezkontzea", eta, Aranburuk gaineratu duenez, "patronalarekin akordioa bilatzea heiei beto eskubidea ematea da".

Halaber, euskal langileengan eragina duten gaien inguruan Euskal Herrian eta "inolako esku-sartzerik gabe erabakitzeko eskubidea" errespetatzeko eskatu du sindikatuak.

LABeko arduradunak azaldu duenez, EAJri eta EH Bilduri ere gutun bana igorri die, eta eskatu euren botoak "Euskal Herriko langileen zerbitzura" jar ditzatela.

Aranburuk azaldu duenez, sindikatuak EAJri adierazi dio, langileek ez dutela "Abiadura Handiko Trena behar, euren interesen aurkako erreformak indargabetzea baizik", eta EH Bilduri "lan-erreforma indargabetzeko akordioa" defendatzeko eskatu dio.

Gainera, sindikatu abertzaleak mobilizazioekin jarraituko du, eta hilaren 17an protestak egingo ditu Euskadiko eta Nafarroako Patronalen aurrean, "Euskal Herrian ahalbidetzeko Madrilen posible ez dena".

Aranburuk berriro esan du Euskadin greba orokorra deitzeko "garaia" dela, "Estatuko elkarrizketa sozialetik aterako denaren zain egon gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lan Erreformaren Legea EAJ-PNV LAB Lana Espainiako Gobernua Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Pentsioak Zerga politika