Ekonomia -
Krisia eurogunean
EBk inspektoreak bidali ditu Espainiara, kontuak aztertzeko
Europako Batzordearen iturrien esanetan, inspektoreak bidaltzea "ohikoa" da gehiegizko defizita duten herrialdeetan.
Erredakzioa
Europako Batzordeak inspektoreak bidali ditu Espainiara aste honetan, kontu publikoen egoera aztertzeko, Mariano Rajoyren Gobernuak iazko defizita % 8,5ekoa izan zela jakinarazi eta gero.
Amadeu Altafaj Gai Ekonomikoetarako bozeramaileak azaldu duenez, Batzordeak inspektoreak bidali ohi ditu batasun ekonomikoaren parte diren herrialde guztietara, "batik bat gehiegizko defizita dutenetara".
Gobernu komunitarioak Aurrekontuaren desbideratzeak azaltzeko eskatu dio Rajoyren Exekutiboari, eta Administrazio zentralaren edo erkidegoen errua den argitzea.
Batzordeak deitoratu egin du Espainiako defizit zenbakiak oso aldakorrak direla: "Azaroan esan ziguten % 6-7 artean egongo zela, urte amaieran desbideratzea bi puntukoa izan zitekeela, eta orain 2,5 puntukoa dela".
Baliteke Espainiako Aurrekontuen egoera martxoaren 12an eta 13an hartzea hizpide, Europar Batasuneko Ekonomia ministroek egingo duten bileran.
Europako Batzordean haserre dira, Rajoyk aurtengo defizit helburua % 5,8 izango dela iragarri baitzuen, Bruselak % 4,4koa exijitu bazion ere.
Hori horrela, Jose Manuel Durao Barroso Batzordeko presidenteak ohartarazi du ez dutela defizit helburua malgutuko 2011ko defizit desbideratzearen kausak eta hurrengo murrizketak ezagutu arte.
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak nabarmendu du merkatuek zigortu egingo dutela Espainia defizit helburuak bete ezean.