Ekonomia -
Lan-erreformaren aurka
Estatuan ere, greba orokorra martxoaren 29an
Greba deialdia Espainiako Gobernuaren "arduragabekeriak" eragin duela argudiatu dute CCOOk eta UGTk. PPk, berriz, bertan behera uztea eskatu du, "greba batek ezer konpontzen ez duelako".
Erredakzioa
Estatuan ere greba orokorra izango da datorren martxoaren 29an. Aho batez erabaki dute gaur goizean CCOOk eta UGTk, sindikatu bakoitzak bere aldetik egindako bilera banatan.
Ondoren, CCOOren eta UGTren zuzendaritzek bilera egin dute eta greba orokorra bi sindikatuek batera deitzea adostu dute. Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez idazkari nagusiek azpimarratu dute Espainiako Gobernuaren jarrerak eragin duela greba deialdia, lan-erreforma sindikatuekin negoziatu barik onartu dutelako.
Erabakia "zaila" izan dela onartu dute, baina, era berean, grebara jotzea eskubide "demokratikoa eta konstituzionala" dela nabarmendu nahi izan dute.
Gauzak horrela, martxoaren 29an bi greba deialdi izango dira: lehendabizikoa, sindikatu abertzaleek EAErako eta Nafarroarako deitutakoa, eta, bigarrena, gaur CCOOk eta UGTk Estaturako deitu dutena.
Bertan behera uzteko eskaera
Bestalde, Espainiako Gobernuak greba orokorrerako deialdia atzera botatzeko eskatu die CCOO eta UGT sindikatuei. Soraya Saenz de Santamariak esan du deialdia "une desegokian" iritsi dela, "egoera ekonomikoa mundu guztiarentzako izaten ari baita oso zaila".
Horrez gain, lanuztearen kontrako jarrera agertu du eta greba orokor batek "ezer ere ez" duela konponduko azpimarratu du.