Itxi

2021/11/18

15:20

Ekonomia

ALKOIRUKO ETXEBIZITZAK

Legebiltzarrak alokairu garestiko eremuetan jarduteko eskatu die erakundeei

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Era berean, "prezioak izoztea edota jaistea" eskatu du, "legediak ezarritako baldintzetan". Baina aurrera atera den testua Jaurlaritzan (EAJ eta PSE) Elkarrekin Podemos-IUrekin adostutako testua izan da, puntuka bozkatu dena.

  • Eraikin baten irudia

    Eraikin baten irudia. Iturria: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta foru-aldundiei eskatu die lan tekniko eta arauemaile guztiak egin ditzatela tenkatutako eremua definitzeko eta etxebizitza-arloko jarduketa publikoak orientatzeko eskaintza gutxiko zonaldeetan. Halaber, "prezioak izoztea edota jaistea" eskatu du, "legediak ezarritako baldintzetan".

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ekimen bana eraman dute Ganberara, eta elkarrekin eztabaidatu dituzte alokairu merkatuaren erregulazioa eta alokairu politikak, gazteen emantzipazioa errazteko.

Hala ere, talde guztien babesarekin eta EH Bildu eta Vox alderdien abstentzioarekin, aurrera atera den testua Eusko Jaurlaritzan Elkarrekin Podemos-IUrekin adostutako testua izan da, puntuka bozkatu dena.

Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio aurrera egin dezala prezio-aldaketak, etxebizitza-eskaria eta etxebizitza horien oinarrizko horniduren prezioak jasotzeko estatistika-eragiketetan, etxebizitza-politikei buruzko estatistika-informazio garrantzitsua osatzeko eta etxebizitza-politika horiek kontuan hartuta egokitzeko.

Gainera, behin Legebiltzarrean Gazteriaren Legea onartuta, eta lege horri jarraiki, etxebizitza, enplegu, hezkuntza eta kultura arloko politika integralak martxan jartzeko ere eskatu dio, "gazte guztientzako emantzipazioa baldintza duinetan lortzeko".

Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, "euskal gazteak ez dira emantzipatzen, miseria bat irabazten dutelako bizitzeko ematen ez duten soldata prekarioetan; are gutxiago, izugarri garesti dauden alokairuak ordaintzeko, bitartean batzuk pertsona guztien oinarrizko eskubidea batekin aberasten ari dira: etxebizitza duinerako eskubidea".

Horregatik, "dagozkion eskumen eta tresnen bidez", "berehala" alokairuen salneurriak mugatzeko mekanismo legalak martxan jartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, "Euskadin eta Estatuan eskumen berri bat izateko esparru guztietan lan egin du koalizio moreak, tresna berri bat, alokairu merkatu pribatuko prezioak arautzeko".

Irune Berasaluze EAJko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren politikak nabarmendu ditu, nahiz eta "nahikoak ez" direla onartu, emantzipatzeko zailtasunak daudelako. Zentzu horretan, Gazteria Legea martxan jartzearekin batera politika ezberdinak aplikatuko direla esan du jeltzaleak.

Sonia Perez PSEko legebiltzarkidearen hitzetan, Exekutiboa "sistema estatistiko baliozko, sendo, garden eta eskuragarria sortzeko lanean ari da, euskal gizartearen eskura jartzeko, etxebizitza politika berriak aplikatzeko".

Muriel Larrea PP+Cs koalizioko ordezkariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak alokairuaren salneurrian eragiteko asmoa baldin badu, eskaintza areagotu eta alokairu etxebizitza publikoetan inbertitu beharko luke.

Azkenik, Amaia Martinez Vox ultraeskuineko alderdiaren legebiltzarkideak uste du ekimena "jabetza pribatuaren aurkako eraso berri" bat dela, "alokairuen prezioa mugatuz desorekak zuzentzen direla sinesteko eredu ekonomikorik edo froga enpirikorik ez dagoelako".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;