Ekonomia -

% 5,8an kokatu dute

Espainiako defizita, asteleheneko Euroguneko bileran aztergai

Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak 2011ko desbideraketa fiskalaren gaineko azalpenak eskaini beharko ditu eta gainera, 2012ko aurrekontuetan sartuko dituzten murrizketen berri emango du.

Euroguneko bileran Espainiako defizitaren gorabeherak aztertuko dituzte. Argazkia: EFE
Euroguneko bileran Espainiako defizitaren gorabeherak aztertuko dituzte. Argazkia: EFE
Euroguneko bileran Espainiako defizitaren gorabeherak aztertuko dituzte. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko Ekonomia ministroek Espainiako kontu publikoak aztertuko dituzte astelehen honetako bileran, Mariano Rajoyren Gobernuak 2012rako defizita % 5,8an kokatu ostean. Izan ere, 2011an Espainiako defizita % 8,5ekoa izan zen, Bruselarekin adostutakoa baino 2,5 puntu gehiago.

Gauzak horrela, Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak 2011ko desbideraketa fiskalaren gaineko azalpenak eskaini beharko ditu eta gainera, 2012ko aurrekontuetan sartuko dituzten murrizketen berri emango du.

"Kontu publikoen gainean Espainiako agintariekin informazioa partekatzeko" talde bat bidali zuen Madrilera joan den astean Europako Batzordeak, Amadeu Altafaj Gai Ekonomikorako bozeramaileak baieztatu duenez.

Euroguneko Exekutiboaren esanetan, defizit handiegia duten herrialderekin egiten duten "ohiko jokabidea" da eta horrek ez du esan nahi "Espainiako defizitaren gainean susmo txarrak" dutenik. "Espainiako estatisteken fidagarritasunaren susmoa izateko arrazoirik ez dugu", azpimarratu du bozeramaile honek.

Hala ere, defizitaren gorabeherak eta 2012rako defizit aurreikuspen berriak egonezina eragin dute eurogunean.

Merkatuek Espainia zigor dezakete

Jose Manuel Durao Barroso Euroguneko Exekutiboko presidenteak argi utzi du ez dutela Espainiako defizitaren lasaikeririk onartuko 2011ko desbideratzeari eta 2012ko aurrekontuei buruzko azalpen guztiak izan arte.

Bestalde, Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, Espainiak defizitaren objektiboa betetzen ez badu, merkatuen zigorra jasoko du.

Maiatzera edo ekainera arte ez dute Espainiaren defizitaren gaineko euroguneko erabakia jakitera emango. Defizita murrizteko Espainiak hartutako neurriak nahikorik ez direla ebatziz gero, baliteke BPGren % 0,2rainoko isuna jasotzea.

Sarkozyk, Schengen uzteko mehatxua

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta berrautaketarako hautagaiak Europa sakonean eraberritu behar dela esan du, batez ere Schengeneko Itunari eta ekonomiaren babesari dagokionean. Proposamen horik hauteskunde kanpainako ekitaldirik jendetsuenean egin du.

Sarkozyk beste lau urte egin nahi ditu Eliseoan eta Villepinten, Pariseko kanpoaldean, 50.000 pertsona bildu ditu (80.000 UMP alderdiaren arabera). Ekitaldi horretan Schengeneko Itunetik ateratzeko mehatxua egin du urtebeteko epean herrialde guztiek euren mugak kontrolatzeko irizpide berberak ezarri ezean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea