Ekonomia -
Bilera Bruselan
Bruselak exijitutako defizita onartu du Espainiak
Bestalde, herrialde batzuk salatu dute Espainiak Hungariak baino tratu hobea jaso duela, izan ere, herrialde horri isuna jartzea proposatu zuten, defizita bete ez zuelako. Bruselak ukatu egin du.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia ministroak esan du Espainiak onartu egin duela Bruselak 2012rako exijitutako defizit murrizketa berria (% 5,3). Europar Batasunaren azken goi-bileran, Mariano Rajoyk iragarri zuen % 5,8koa izango zela defizitaren helburua 2012rako. Horrenbestez, Espainiak beste 5.000 milioi euro gehiago aurreztu beharko ditu orain. "Espainiak konpromiso osoa dauka aurrekontuaren doitzearekin, egiturazko erreformak egitearekin eta, ondorioz, Bruselak egindako gomendioa onartu egingo dugu", azpimarratu du Europar Batasuneko Ekonomia ministroen bilera hasi aurretik.
Esfortzu handiagoa suposatu arren, De Guindosek goraipatu egin du Euroguneak Espainiak emandako argudioak onartu egin dituela, besteak beste, "Bruselan adierazitakoa baino herentzia okerragoa" jaso zuela PPren Gobernu berriak eta "egoera ekonomikoa ere ezberdina" dela. Mariano Rajoyren Gobernuak sarritan nabarmendu du PSOEren Gobernuak % 6ko defizita iragarri zuela, baina azkenean datu hori % 8,51koa izan dela.
Nolanahi ere, De Guindosek ez du argitu % 5,3ko defizitera heltzeko murrizketak non egingo dituzten. "Gaur eztabaidagaia gastuaren muga da eta hortik aurrera hasiko gara bestea aztertzen", esan du.
Bestalde, Europako Batzordeak ukatu egin du Espainiari inolako mesederik egin diola, 2012rako defizit berria ezartzerakoan eta nabarmendu du Espainiak "esfortzu oso handia" egin beharko duela helburu hori betetzeko.
"Ez dugu zorrotzago jokatzen herrialdea bat edo bestea izateagatik", esan du Amadeu Altafaj Europako Kontseiluaren Ekonomia bozeramaileak, kazetarien galderak erantzunda. Europar Batasuneko zenbait herrialdeek salatu dute Hungariak Espainiak baino tratu latzagoa jasan behar izan duela; izan ere, 2011ko BPGren defizita % 3ra jaistea lortu ez zutela eta Hungaria zigortzea proposatu zuen Europako Batzordeak.