Ekonomia -

Ustezko irregulartasunak

Melchor Gil: 'EAJk egindako jazarpen politikoaren biktima bat naiz'

Bere espedientearen filtrazioa argitzeko ekimen judizialak aurkeztuko dituela iragarri du Patxi Lopez lehendakariaren koinatuak.

Melchor Gil, Bizkaiko PSEko idazkariordea. Argazkia: EITB.
Bizkaiko Aldundiak Melchor Gil ikertzeko eskatu du

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Ogasuna erabiliz, EAJk egindako "jazarpen politikoaren" biktima dela esan du gaur Melchor Gil Bizkaiko PSEko idazkariordeak. Bere espedientearen filtrazioa argitzeko ekimen judizialak aurkeztuko dituela iragarri du Patxi Lopez lehendakariaren koinatuak.

Melchor Gil ikertzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiak Fiskaltzari, ustezko diru-sarrera irregularrengatik. Hainbat komunikabidek argitaratu dutenaren arabera, Ogasunaren ikuskaritzak Gilen zergak aztertzerakoan diru-sarrera irregularrak atzeman zituen, politikari honek PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan 419.000 euro ezkutatu omen zituelako.

Ogasunak ikertzeko eskaera egin zuen 2011ko martxoan, eta urtarrilean berretsi egin zuen, Ministerio Publikoak behin behineko artxiboa eskatu ostean. Melchor Gilek jada fiskaltzaren aurrean deklaratu du eta Ogasunak eskatu duen dirua bi lagunek utzi ziotela esan du. Horietako batek dagoeneko, berretsi egin du.

Bizkaiko Ogasunak 2010eko ekainean hasi zuen ikerketa fiskala, Gil Bizkaiko Batzar Nagusietan presidenteorde zenean, Kantabrian, Castro Urdialesen lursail bat erosi eta bertan txalet bat egiteko lanak hasi zituenean.

EAJren "jazarpena"

Gil Patxi Lopezen koinatuak egindako adierazpenetan, buruzagi sozialistak esan du EAJk "zergen erregularizazioa zuzendu eta erabili ahal izango lukeela, formalki nire adostasuna eman bainion, nire kasua helburu alderdikoiekin pizteko".

komunikabideetan azalduko informazioei (modu anonimoan buruzagi sozialistaren espediente fiskala iritsi zaie) erantzuna emanez, Melchor Gilek azaldu du "Jose Luis Bilbao buru den Foru Aldunditik espediente administratiboaren kopia bat hedatu" dela, eta "nire eta emaztearen ohore eta ospeari kalte egitea du helburu" gaineratu du.

"Espediente hori hainbat egunkariri bidaltzea, era koordinatuan, egun berean, material berdinarekin, eta idatzi anonimo batekin aurkeztuta egotea, Ikuskaritzak izapideak egindako espediente batekin, bi aldetan idatzita artxibo informatiko batetik eta Foru Ogasunaren Erregistroen irteera zigiluak ekarrita goiburuan, argi uzten du nondik datorren", azaldu du PSEko buruak.

Melchor Gilen ustez, gertaera hau "bat etorriko litzateke duela aste batzuk Aldunditik egiten ari ziren iragarpenarekin, bertako arduradun politikoek ez dute zalantzarik egin PSE-EEri eragingo liokeen gai bat dutela esku artean esaten".

Melchor Gilek nabarmendu duenez, "gutxi gora behera argi" utzi zituen fiskaltzaren aurrean leporatzen zaizkion ustezko irregulartasun fiskalak, eta horien aurrean borondatez izan zela argitu du. Horrez gain, "beharrezko datuak" eman zituela esan du, Foru Ogasunak bere "zalantzak" argitu zitzan, baita Castro Urdialesen zuen etxea eraikitzeko erabilitako funtsen inguruan ere.

Gilek esan du jarrera hori ezin daitekeela zigorrik gabe geratu, eta horregatik "gertakizunak amaieraraino argitzeko" erabakia argi utzi du

Erreakzioak

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak Melchor Gil Patxi Lopez lehendakariaren koinatuaren ohorea eta zintzotasuna defendatu du. EAJk zuzendutako Aldundiaren "filtrazio interesduna" dela salatu du eta albiste hau "hauteskunde aurreko urtean" argitaratzeak "intentzionalitate politikoa" duela uste du. Gainera, izan ditzakeen "ondorio politikoengatik" beldur da, "manipulazioak" egon daitezkeela uste baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea