Ekonomia -
Merkataritza
Kultura Bonuak eskura dituzte dagoeneko arabarrek
5.500 bonu jarriko dituzte salgai, iaz baino mila gehiago, otsailaren 28ra arte. Nahikoa izango da atxikitako 44 saltokietako batera joatea, eta bertan egingo diete deskontua.
Agentziak | EITB Media
Hasi da Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak antolatzen duen Kultura Bonuaren kanpaina 44 saltokitan. Bigarrenez antolatutako egitasmo honetan, bi motatako bonuak egongo dira kulltur-ondasun eta -zerbitzuetarako, eta 5.500 jaulkiko dituzte guztira, iaz baino mila gehiago, otsailaren 28ra arte iraungo duen kanpainan.
Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura arduradunaren arabera, aurtengo berrikuntza nagusia da bonu gehiago egongo direla eskuragarri (iaz baino 925 gehiago).
Gainera, bi bonu mota egongo dira, eta ez lau: lehen bonu bat 10 euroko deskontuetarako euskarazko kultur ondasun eta zerbitzuen kontsumoan, gutxienez 20 euroko erosketarekin, eta bigarren bonu bat 10 euroko deskontuetarako, euskara ez den beste hizkuntza bateko kultur ondasun eta zerbitzuen kontsumoan, baita musika-tresnak erosteko ere, gutxienez 30 euroko erosketarekin.
Beste berrikuntzetako bat da pertsona bakoitzak 5 deskontu-bonu bereganatu ahal izango dituela (iaz baino bi gehiago). Herritarrek erosi ahal izateko, nahikoa da atxikitako saltoki batera joatea, eta bertan aplikatuko zaie deskontua. 16 urtetik gorako edozeinek egin ahal izango du erosketa.
Guztira 44 enpresa atxiki dira, iazko kopuru bera. Liburu, komiki eta eleberri grafiko, musika, film, dokumental eta serie eskuratzeko deskontuak lortu ahal izango dira, edozein grabazio-formatutan, musika-tresnetan eta kultura-produktutzat har daitezkeen bestelako ondasunetan.
Kanpo uzten dira, berariaz, papergintzako produktuak eta eskulanak, marrazketa-materialak, testuliburuak, eskuliburu teknikoak eta hiztegiak, oposizioen gai-zerrendak, bideojokoak, ekipo periferiko eta kontsumigarri informatikoak, argazki-kamerak eta ikus-entzunezko gailuak.
Zerbitzuak honako hauek dira: arte ederretako eskolak eta ikastaroak (kantua eta musika-interpretazioa, eta dantza), marrazketa, argazkigintza, eskultura eta interpretazioa, ondare-multzo eta interpretazio-zentroetarako bisita gidatuak, zinema-emanaldietarako edo zuzeneko antzerki edo musikarako sarrerak, museo eta arte-azoka pribatuetarako sarrerak eta kulturaltzat har daitezkeen beste batzuk.
Eskola-ikasgaietarako edo unibertsitate-ikasgaietarako laguntza-eskolak, hizkuntza-eskolak, mekanografia-eskolak eta antzekoak, museoetarako eta arte-galerietarako sarrerak kanpo gelditzen dira.