Ekonomia -
Next Generation
Espainiako Estatuari 10.000 milioi euro ematea onartu du Bruselak
Aurreneko ordainketa jasotzeko eskaera formala egiten EBko lehen estatua izan da Espainia. Dagoeneko Europako Batzordeak 9.000 milioi aurreratu zituen abuztuan, inongo baldintzarik jarri gabe.
Agentziak | EiTB Media
Espainiako Estatuari Next Generation berreskurapen funtseko lehen tartea ordaintzea onartu du Europako Batzordeak ostiral honetan, guztira, 10.000 milioi euro, Ursula von der Leyen erakundeko presidenteak iragarri duenez.
"EBko lehen herrialdea izango da ordainketa jasotzen, gainerako Estatu kideek baimena eman ondoren", azaldu du EBko Exekutiboaren buruzagiak mezu labur batean, gaztelaniaz, Twitter sare sozialean.
Aurreneko ordainketa jasotzeko eskaera formala egiten EBko lehen estatua izan da Espainia. Europako Batzordearekin konpromiso bakoitza betetzen dela nola egiaztatu behar den dokumentu tekniko batean adostu eta sinatu ondoren, egin zuen eskakizuna Madrilek.
Dagoeneko Europako Batzordeak 9.000 milioi aurreratu zituen abuztuan, inongo baldintzarik jarri gabe.
52 erronka eta helburu
Konkretuki, Espainiako Gobernuak jadanik bete dituen 52 erronka eta helbururen menpe zegoen aurreneko ordainketa. Ondorioz, Europako Batzordeak bere azterketa hiru aste eskasetan bukatu ahal izan du, bi hilabeteko epea agortu barik.
Lehen ordainketak Administrazioaren modernizaziorako zortzi erreforma ditu kontuan, horien artean sektore publikoan behin-behinekotasuna murrizteko araudia.
Zerga erreformek ere pisu handia dute lehen ordainketa honetan, tasa digitalak, finantza transakzioen gaineko zergak edo bazkun-zergan eta zeharkako zergetan egindako aldaketek esaterako.
Era berean, lan erreformak zeresana du aurreneko ordainketan, baita telelana arautzeko legeak, soldata arrakala murrizteko araudiak eta gazteen langabeziarekin bukatzeko ekintza plana indarrean sartzeak ere.
Pentsioen erreformari dagokionez, Gizarte Segurantzako finantziazio iturriak bereizteak, pentsio plan indibidualen hobariak aztertzeak eta amatasun osagarriaren aldaketak baldintzatu dute 10.000 milioi euroko ekarpena.