Ekonomia -
Trafikoa
Kukularrako lotuneko adar berriak martxan dira
Lotuneko obrek bi urte iraun dute eta inbertsioa 11 milioi eurokoa izan da. Kukularrakoa Bizkaian ibilgailu gehien igarotzen diren lotunea da.
Agentziak | EITB Media
Kukularrako lotuneko adar berriak martxan dira jada, Leioako errepidea eta Arrontegiko zubia Txorierriko igarobidearekin lotzen dituztenak. Bi urteko lanen ondoren ireki dute errepidea, eta obren inbertsioa 11 milioi eurokoa da. Bizkaian trafiko gehien duen errepide-tartea da; egunero 160.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik.
Adar berriek Kukularrako lotuneko edukiera handitu eta Leioako ilarak saihestea dute helburu. Bigarren errei bat ireki dute Leioa-Txorierri adarrean; Arrontegitik Txorierrira bidean igarobide berri bat egin dute, baita Arrontegi eta Enekuri artean ihesbide bat ere.
Adarren birmoldaketak bide-segurtasuna hobetu du, Txorierriko igarobideko bide-bateratzea kendu ostean. Azken horren ondorioz, balaztada ugari izaten ziren errepide-tarte horretan. Segurtasunerako arazo larria izateaz gain, puntako orduetan pilaketak sortu ohi ziren.
Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu du Kukularrako obretan "zailtasunak" izan direla. "Langileak trafikoz jositako lotune batean egon behar izan dira lanean, bitartean autopista martxan zela. Beraz, gau asko igaro dituzte errepidean", gaineratu du. Era berean, gogorarazi du lanak egin diren gunean drainatze- eta telekomunikazio-zerbitzu asko daudela, eta "ezegonkortasun eta ziurgabetasun geoteknikoak" ere badirela.
Getxo-Sestao tunela
Amaitu berri dituzten obrek errepide-tarte horretan pilaketak ekiditeko balio izango dute, Ibaizabal ibaiaren azpitik igaroko den tunela egin bitartean (Getxo eta Sestao lotuko ditu). Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak baieztatu duenez, proiektu hori "aurrera doa". Aurreikuspenen arabera, tuneleko obrak 2024an hasiko dira eta 2028rako amaitu.