Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
Kontu publikoak faltsutzea 10 urteko inhabilitazioarekin zigortuko da
Gobernatzeko modu egokiaren, aurrekontu legearen eta aurrekontuen egonkortasunerako lege organikoaren aurka dihoazen jokabideak zigortuko dituzte.
Erredakzioa
Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen Gardentasun Legearen arabera, kontu publikoak faltsutzen edo ezkutatzen dituzten politikariei delitua egotziko zaie, eta 10 urterainoko inhabilitazioa eta dagokion isuna ezarri ahal izango zaie.
Soraya Saenz de Santamariak Gobernuaren kudeaketa egokiaren kodean jasoko direnarau-hauste ekonomikoen zerrenda aurkeztu du prentsaurrekoan. Kode horrek lehenbizikoz lege maila izango du Administrazio Publiko guztientzat.
Gobernatzeko modu egokiaren, egungo aurrekontu legearen eta Parlamentuan bideratzen ari den aurrekontuen egonkortasunerako lege organikoaren aurka dihoazen jokabideak zigortuko dituzte.
Kasurik larrienetan delitutzat joko dira jokabide horiek eta 10 urterainoko inhabilitazioarekin zigortuko dira, besteak beste datu ekonomikoak faltsutzea edo ezkutatzea.
Espainiako Gobernuko presidenteordeak gogoratu duenez, delitu horientzat espetxe zigorra aurreikusi ez duten arren, isuna ordaindu beharko dute, eta "hori ez badute ordaintzen, kartzelara bidaliko dituzte".
Halaber, beste arau-hauste batzuk ez dira delitutzat joko, baina kargu publiko horiek isunei aurre egin beharko dizkiete, kargutik kendu ahal izango dituzte eta ezin izango dira beste kargu publiko batean aritu ondorengo bost eta hamar urteen artean.
Soraya Saenz de Santamariaren hitzetan, arau-hauste oso larriak izango dira baliabideak erabiltzea likidazio antolamendua bete gabe edo gastuak onartzea horiei aurre egiteko diru nahikoa izan gabe.