Ekonomia -
Fusioa
Banca Civica erostea onartu du CaixaBankeko kontseiluak
Aktiboen kopuruari erreparatuta, Espainiako finantza entitate nagusia bilakatu da, BBVA-Unnim eta Santanderren aurretik.
Erredakzioa
CaixaBankeko administrazio kontseiluak Banca Civica erostea onartu du astelehen honetan. Operazio horri esker, Espainiako finantza entitate nagusia bilakatu da La Caixa taldea, aktiboen kopuruari erreparatuta.
Caja Navarra, Cajasol, Caja Canarias eta Caja Burgos osatzen duten entitatea fusio bidez xurgatzeari baiezkoa eman dio CaixaBankek, eta, bere entitateko bost akzio eskaini ditu Banca Civicako zortziren truke. Horrela, erositako akzio bakoitzaren balioa 1,97 euro ingurukoa izango da, azken kotizazioa baino % 11 gutxiago.
Banca Civicak 500 milioi akzio ditu, eta, adostutako trukearen arabera, Caixabankek 1.000 milioi euro inguru ordainduko ditu Banca Civica erosteko. Espainiako finantza sektorearen berrantolaketa hasi zenetik, Caixabankek erosten duen hirugarren entitatea da hau (aurretik Caixa Girona eta Bankpime bere gain hartu zituen).
Kotizazioa bertan behera, fusioa onartu arte
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Banca Civica eta Caixabanken tituluen kotizazioa bertan behera uztea erabaki du astelehen goizean, kautelazko neurri gisa, berehalako fusioa noiz iragarriko zain. Zehazki, horien ohiko jarduna nahasi dezakeelako hartu dute erabakia.