Ekonomia -
Martxoak 29
Amaiur: 'Greba orokorrak kalte egingo dio PPren Gobernuari'
Unai Ziarretak (EA), Dani Maeztuk (Aralar), Niko Morenok (ezker abertzalea) eta Amaia Agirresarobek (Alternatiba) agerraldia egin dute Bilbon, greba orokorrari babesa emateko.
Erredakzioa
Amaiur koalizioko alderdiek (Aralar, EA, ezker abertzalea eta Alternatiba) martxoaren 29ko greba orokorrarekin bat egin dute. Grebaren "arrakastak" PPren Gobernuari "kalte" egingo diola adierazi dute, "esaten dutena esaten dutela, kalera ateratzeak eragina daukalako". Horrez gain, krisia gainditzeko subiranotasuna beharrekoa dela gaineratu dute, "dependentziak ahulagoak egiten gaituelako".
Unai Ziarretak (EA), Dani Maeztuk (Aralar), Niko Morenok (ezker abertzalea) eta Amaia Agirresarobek (Alternatiba) agerraldia egin dute Bilbon, greba orokorrari babesa emateko.
"Gehiengo sindikalak deitu zuen greba orokorrak", eta "sindikatu guztiek babestutako deialdia" kalera ateratzeko "aukera paregabea" eskaintzen duela adierazi dute. "PPren Gobernuak onartutako lan-erreformaren aurka gaudela erakusteko aukera paregabea da".
"Krisiari aurre egiteko eta eredu hau ez dugula nahi esateko aterako gara kalera. Arazoaren muinari heldu behar diogu, eta erreforma horrek ez du hala egiten".
Azken hilabeteetan onartutako murrizketek "langabezia gehiago, pobrezia gehiago eta desorekak" ekarri dituztela salatu du, eta Euskal Herriak egoera horri "planto" egiteko unea iritsi dela gaineratu dute.