Ekonomia -

LANGABEZIA DATUAK

Euskadik % 9,9ko langabezia-tasarekin itxi du 2021. urtea

Eusko Jaurlaritzak egindako iragarpenak hobetu egin dira, izan ere, langabezia tasa % 10,3koa izango zela aurreikusi zuen.

Etxebizitza eraikin bat eraikitzen. Artxiboko argazkia: EFE
Etxebizitza eraikin bat eraikitzen
Etxebizitza eraikin bat eraikitzen. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak % 9,9ko langabezia-tasarekin itxi zuen 2021a, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera. Eusko Jaurlaritzak aurreikusi baino zenbaki hobea da, % 10,3koa izatea espero baitzuen. 

2020ko datuekin alderatuta, langabezia datuek hobera egin dute, baina oraindik ez da pandemia aurreko zenbakietara itzuli. Izan ere, 2020. urtearen amaieran langabezia-tasa % 11,4koa zen, neurri handi batean pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileen eraginez. 2019aren amaieran, ostera, langabezia-tasa % 9,5ekoa zen.

2021eko laugarren hiruhilekoko datuak hirugarrengoarekin konparatuz gero, langabezia-tasa puntu bat igo da. Udan, % 8,9koa zen.

Biztanleria Aktiboaren Inkestari dagokizkion 2021eko laugarren hiruhilekoko datuak argitaratu ditu gaur Eustat Euskal Estatistika Erakundeak.

Urte amaieran, EAEko 104.700 pertsona ari ziren lan bila, aurreko hiruhilekoan baino 12.000 gehiago. Horietatik 52.100 gizonak dira eta gainerakoak, 52.600, emakumeak. Azken hiru hilabeteetan 3.900 gizon langabe gehiago daude eta 8.000 emakume langabe gehiago.

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Bizkaian % 1,4 igo da langabezia-tasa, % 11,3raino. Gipuzkoa da langabezia-tasa baxuena duen lurraldea (% 7,9), baina 0,9 puntu egin du gora azken hiruhilekoan. Araban, ostera, igoera txikiagoa izan da, 0,3 puntukoa, eta langabezia-tasa % 9,5ekoa da orain.

Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren arabera, 2021eko azaroan Europar Batasuneko langabezia-tasa % 6,5ekoa izan zen eta Espainiakoa % 14,1ekoa. Ordukoa da eskuragarri dagoen azken datu ofiziala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak