Itxi

Ekonomia

MOBILIZAZIOAK OSASUN PUBLIKOAN

Hiru manifestaziok Osakidetzaren "kolapso egoera eta gainkarga" salatuko dituzte igande honetan

EITB Media

ELA, LAB, CCOO, UGT eta SATSE sindikatuek deituta, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte protestak, 12:00etan hasita. Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete sindikatuek.

  • Osakidetzako Lehen Arretako langileen protesta. Artxiboko argazkia: EFE

    Osakidetzako Lehen Arretako langileen protesta. Artxiboko argazkia: EFE

Igande honetan, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako langileak kalera aterako dira, Lehen Mailako Arretak duen kolapso egoera eta ospitaleetako arretaren gainkarga salatzeko eta egoera horri aurre egiteko berehalako neurriak eskatzeko.

Horretarako, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 12:00etan hasita. Bilbokoa Jesusen Bihotza plazatik hasiko da; Gasteizkoa, Andre Maria Zuriaren plazatik; eta Donostiakoa, Boulevardetik.

Deitzaileen esanetan, osasun publikoaren egungo egoera ez da pandemiaren ondorioa. Aitzitik, lehendik ere arazo estruktural bat zena larriagotu egin du koronabirusaren krisiak.

Aipaturiko sindikatuen arabera, Osakidetza "baliabiderik, antolakuntzarik eta plangintzarik gabe" aurre egiten ari zaio pandemiaren seigarren olatuari. Horren harian, hainbat salaketa egin dituzte: duela bi hilabete eskas Osakidetzak 4.000 profesional alde batera utzi izana; duela egun batzuk egoiliarrei doan lan egitea eskatzea; langileen behin-behinekotasun tasa % 60koa izatea; txertaketa eta aztarnari lantaldeak desegitea; bajak, oporrak eta bestelako hutsuneak ez betetzea; Lehen Arretako ordutegiak murriztea eta abar.

Ospitaleetako egoera ere salatu dute, besteak beste, Lehen Arretaren kolapsoaren ondorioz lan-karga nabarmen handitu baita.

Manifestaziorako deia egin duten sindikatuen ustez, ordea, Eusko Jaurlaritzak ez du pausorik eman arazoak konpontzeko. Eskaeren artean, Osakidetzara bideratutako aurrekontua handitzeko eta Europar Batasuneko batez bestekora parekatzeko (barne produktu gordinaren % 7), lantaldeak indartzeko, hutsuneak ordezkatzeko eta lan-kargak arrazionalizatzeko galdegin dute.

Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete sindikatuek.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena