Ekonomia -

LANGABEZIA

45.500 lanpostu sortu ziren Hego Euskal Herrian 2021ean

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera, EAE da Estatuan langabezia maila baxuena duen lurraldea, eta Nafarroa hirugarrena da, Aragoiren ondoren. Euskadik 2008tik izan duen langabezia daturik onena da.

Zerbitzari bat. Artxiboko irudia
Zerbitzari bat
Zerbitzari bat. Artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iaz enplegua sortu eta langabezia gutxitu egin zen Hego Euskal Herrian. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, gaur-gaurkoz Euskal Autonomia Erkidegoa da Estatuan langabezia maila baxuena duen lurraldea, eta Nafarroa hirugarrena da, Aragoiren ondoren. Euskadik 2008tik izan duen langabezia daturik onena da.

EAEn, 36.900 lanpostu sortu ziren 2021ean (2020an baino % 4,01 gehiago), 957.000 langile zenbatu baitzituzten; Nafarroan, berriz, 287.900 pertsona zenbatu zituzten lanean, aurreko urtean baino 9.500 gehiago; hau da, % 3,4 hazi da lana dutenen kopurua.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2021eko laugarren hiruhilekoan, 13.700 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (% 13,7), 88.100 zenbatu baitituzte; beraz, langabezia-tasa % 8,43koa da, 2008tik izandako txikiena.

Foru Erkidegoan, bestalde, 5.000 langabe gutxiago (% 13,49) zenbatu zituzten; beraz, guztira 31.800 pertsona zeuden langabezian. Hala, langabezia-tasa % 9,93koa izan zen urteko azken hiruhilekoan, hiruhilekoko hirugarren txikiena, EAEren eta Aragoiren atzetik.

Estatu mailan, guztira 840.700 lanpostu sortu ziren 2021ean, 2005etik izandako enplegu-sorkuntzarik handiena, eta Espainian guztira 20,2 milioi langile zenbatu zituzten lanean, azken 13 urteetako daturik onena.

Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratu duen azken inkestaren arabera, 615.900 langabe gutxiago zenbatu dituzte azken hamabi hilabeteetan, 2017. urtearen erdialdetik izandako murrizketarik handiena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak