Ekonomia -

Lehen fasea

Barakaldoko 'hondartza berdea' egiteko lanak urteko bigarren seihilekoan hasiko dira

Proiektuaren lehen faseak 8,5 hektareari eragingo die, eta 5,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Lehen faseko lanek 18 hilabete inguruko iraupena izango dute.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Barakaldoko parke berriaren proiektuaren lehen fasea onartu du Bilbao Ria 2000k

1:12

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerbioi ibaiko Erribera Parkearen proiektuko lehen fasea, 'hondartza berdea', eraikitzeko lanak urteko bigarren seihilekoan hasiko dira. Bilbao Ria 2000 elkarteko Administrazio Kontseiluak egitasmoari oniritzia eman dio astelehen honetan. Orain proiektua Barakaldoko Udalari igorriko dio, tramitatu eta onar dezan, aldez aurretik lanen lizitazioa egin ondoren.

Juan Mari Aburto Bilbao Ria 2000ko presidenteak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Angel Nieva elkarteko zuzendari nagusiak agerraldia egin dute, proiektuko epe, helburu eta xehetasunen berri emateko. Era berean, Pormetxeta plazaren hobekuntza lanen lehen faseari buruzko informazioa eman dute.

Proiektuaren lehen faseak 8,5 hektareari eragingo die, eta 5,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Burgos & Garrido Arquitectos SLP konpainiak eta Typsa Tecnica y Proyectos S.A. ingeniaritzak 2020an aurkeztutako egitasmoak irabazi zuen lehiaketa.

Hala ere, aukeratu ondoren, epaimahaiak ekarpenak egin dizkio, hasierako ideia hobetzeko helburuarekin. Aurkeztutako proiektuan ekarpenak jaso dituzte. Horrela, Itsasadarrean pantalana jarriko dute, parkera hurbiltzeko eta jaisteko.

Orain Udalak tramitazioa egingo du, eta ondoren lizitazioa hasiko da. Litekeena da obrak urteko bigarren seihilekoan hastea. Lehen faseko lanek 18 hilabete inguruko iraupena izango dute.

Hiri-baratzeak, haur jokorako zonaldeak, hiri-hondartza eta pantalana, harmailak eta erabilera askoko zonalde bat (jatetxe eta kafetegiak tartean) izango dira azpiegituran.

Angel Nieva elkarteko zuzendari nagusiak azaldu duenez, itsasadar hondoaren egoera kaskarra dela eta, Bilbao Ria 2000k elkarrizketak Portuko Agintaritzarekin abiatu ditu, hondarra dragatu dezan, baldintza "egokiak" lortzeko eta lokatzak pantalana ez trabatzeko. Elkarrizketak "norabide onean" doazela azpimarratu du Nievak.

Azkenean proiektua bi fasetan zatitu dute. Horietako bigarrenak hektarea bakarrari eragingo dio, Sestaotik hurbil dauden nasen eraberritzeari zuzenean loturik. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasarela egin behar du zonaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Itsasadarra Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Hondartzak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak