Ekonomia -

OGASUNA

Bizkaiak internet bidezko iruzur fiskalak atzemateko plan pilotu bat jarri du abian

Interneteko jarduera ekonomikoa arakatzeko proba apartamentu turistikoen sektorearekin hasi da.

Emakume bat ordenagailu batekin.
Emakume bat ordenagailu batekin
Emakume bat ordenagailu batekin.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Ogasunak plan pilotu bat jarri du martxan aurten, Bizkaiko enpresek eta partikularrek ondasunen eta zerbitzuen bitartekotzako online plataformetan garatzen dituzten eragiketa eta jarduera ekonomikoei buruzko informazioa bilatzeko eta biltzeko, aitortu gabeko diru-sarrerak atzemateko.

Hori da Bizkaiko Ogasunaren aurtengo zerga-iruzurraren aurkako planak aurreikusten duen berrikuntza nagusietako bat, Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendariak astearte honetan jakitera eman dutenez.

Alonsok zehaztu duenez, interneteko jarduera ekonomikoa arakatzeko proba bizkaitarren jabetzako apartamentu turistikoen sektorearekin hasi da, bai lurraldean bertan dauzkatenena, bai lurraldetik kanpokoena. Emaitza onak ematen baditu, urte honetan zehar beste jarduera batzuetara zabalduko da.

Bizkaiko Ogasuneko zuzendariak jakinarazi duenez, miaketa Estatu Batuetan garatutako tresna informatiko baten bidez egiten da, eta Bizkaia da kontrol fiskal mota hori entseatzen den Europako lehen tokia.

Programa horren bidez, partikularrek, profesionalek eta negozioek nahiz bezeroek apartamentu turistikoak alokatzeko bitartekaritza-plataformetan eta sare sozialetan argitaratutako datuak biltzen eta prozesatzen ditu Ogasunak.

Miaketa horri esker, Foru Ogasunak apartamentu bakoitzaren "fakturazioaren zifra" lor dezake, eta "jabeak adierazitakoarekin kontrastatu".

Alonsok iragarri du aurten kanpaina berri bat egingo dela Bizkaiko enpresek eta profesionalek beren jarduera ekonomikoagatik fakturak jaulkitzeko duten betebeharra kontrolatzeko, bai Batuz zerga-ordainketaren kontrol integralerako sistema berria ezarri badute, bai oraindik sistema horri atxiki ez bazaizkio ere, eta, bereziki, ordainketak oraindik eskudirutan egiten diren jarduerei dagokienez.

Ogasuneko zuzendariak adierazi duenez, kalkuluen arabera, 2024rako (Batuz sistema nahitaez indarrean jarriko den urtea) erregistro horrek urtean 2.000 milioi eragiketa ekonomiko baino gehiago jasoko ditu, egunean 6 milioi batez beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Iruzurrak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Internet Zerga politika Bizkaiko Foru Aldundia