Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
EAJk osoko zuzenketa aurkeztuko du Aurrekontuen aurka
Pedro Azpiazu diputatuak azaldu du "une honetan" EAJk "ezezkoa" emango liokeela Aurrekontu proiektuari. PSOEk ere aurkeztuko du osoko zuzenketa.
Erredakzioa
Pedro Azpiazu EAJk Kongresuan duen diputatuak iragarri du alderdi jeltzaleak osoko zuzenketa aurkeztuko duela Espainiako Gobernuak aurkeztutako Aurrekontu lege-proiektuaren aurka.
Halaber, "une honetan", EAJren botoa "ezezkoa" izango litzatekeela aurreratu du. Dena dela, eztabaida hasteko hilabete bat falta dela eta, beraz, tarte horretan "gauza asko" gerta daitezkeela gaineratu du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Azpiazuk azaldu du EAJ lege-proiektuan aldaketak egiten saiatuko dela, baina "zaila" izango dela iritzi dio, PPk gehiengo osoa duenez ez baititu behar izango diputatu jeltzaleen botoak: "Ez dute zertan guri entzun".
PSOEk ere
PSOEk ere osoko zuzenketa bat erroldatu du gaur goizean. Horretan, enplegua sustatzeko funts bat sortzea proposatu du. Hasierako kapitala 1.000 milioi eurokoa izango litzateke, eta enpresa txikiei eta ertainei 30.000 euro arteko maileguak emateko balioko luke.
Soraya Rodriguez bozeramaile sozialistaren esanetan, ekonomia suspertzeko neurria da hori, "hazkunderik gabe ezin izango baita lortu defizit helburua".
Hain zuzen ere, 30.000 euroko kredituak honakoei zuzenduko lituzkete: kontratazio mugagabeak egin nahi dituzten enpresa txikiei eta ertainenei, enpresa bat sortu nahi duten langabeei eta ikerlariak kontratatu nahi dituzten konpainiei, tamaina edozein dela ere.
Mailegua euriborra baino 0,5 puntu handiagoa izango litzateke, eta Estatuak bi puntuko hobaria emango luke.