Itxi

Ekonomia

ABIADURA HANDIKO TRENA

AHTaren lurpeko geltokiak eraikitzeko lanak "lehenbailehen" abiatzeko eskatu dute Aburtok eta Urtaranek

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

Bilbon eta Gasteizen AHTaren geltokiak lur azpian eraikitzeko Espainiako Gobernuarekin sinatutako ituna "positibotzat" jo dute bi alkateek, baina ohartarazi dute "asmo oneko agiri bat" dela eta "oraindik dena egiteko" dagoela.

  • Juan Mari Aburto eta Gorka Urtaran Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB Media

    Juan Mari Aburto eta Gorka Urtaran Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB Media

Gorka Urtaranek eta Juan Mari Aburtok espero dute euskal erakundeek Espainiako Gobernuarekin asteazken honetan sinatu duten akordioa "inflexio puntu bat" izan daitekeela Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lurpeko geltokiak eraikitzeko Gasteizen eta Bilbon.

"Errezeloren bat badugu; izan ere, hamarkadak igaro dira eta proiektua ez da gauzatzen. Gaurko ituna asmo onekoa eta positiboa da, baina orain hitzetatik ekintzetara pasatzea falta da", adierazi du Urtaranek Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egin dioten elkarrizketan.

Halaber, lanak Eusko Jaurlaritzaren esku geratu izana nabarmendu du eta "inflexio puntu bat" izan daitekeela iritzi dio.

Hala ere, premiazkotzat jo du Gasteizko geltoki berriaren proiektua lizitatzea, "obrak ahalik eta azkarren has daitezen".

Finantzazioari dagokionez, Urtaranek gogoratu du sozietate bat osatu zutela eta egitasmoa lau erakunderen artean ordainduko dutela. "Estatuak obraren % 50 ordainduko du, Eusko Jaurlaritzak % 25, Gasteizko Udalak % 15 eta Arabako Foru Aldundiak % 10", azaldu du.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere antzeko adierazpenak egin ditu, eta gaur sinatutako ituna "hasiera" baino ez dela eta "dena egiteko" dagoela azpimarratu du.

Horrela, bada, berri ontzat eman du Bilboko eta Gasteizko geltokiak eraikitzeko ardura Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi izana, baina orain proiektuaren ikerketa abiatu beharra dagoela esan du, ondoren obrak lizitatu ahal izateko. "Oraindik dena dugu egiteko", berretsi du.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak sinadura-ekitaldian parte hartu ez duela eta, Aburtok ziurtatu du ez dutela inolako desadostasunik Foru Aldundiarekin Abandoko geltoki berriaren finantzazioaren harira.

"% 50 Estatuak ordainduko du eta gainerakoa euskal erakundeek jarriko dugu", esan du.

Amaitzeko, Aburtok eta Urtaranek ez dute balizko epeei buruz hitz egin nahi izan, baina arratsaldean egin duten ekitaldian Raquel Sanchez Garraio ministroak adierazi du obrak 2026an edo 2027an amaitzea aurreikusten dutela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena