Ekonomia -

Europako Batzordea

Espainiako BPGaren hazkunde aurreikuspena % 5,6raino igo du Bruselak 2022rako

Gainera, inflazioak ere goranzko joera hartuko du aurten, % 3,6raino, energiaren prezioak igoko direlako. 2023an, baina, moteldu egingo da igoera.

Langile bat enpresa batean beharrean
Langile bat enpresa batean beharrean
Langile bat enpresa batean beharrean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak hobetu egin du ostegun honetan Espainiako Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkunde aurreikuspena. Hain zuzen ere, Bruselak aurreikusi duenaren arabera, % 5,6raino haziko da BPGa aurten, baina 2023an egonkortu egingo da, % 4,4an. Horrek esan nahi du Europar Batasunean hazkunde ekonomiko handiena izango duten herrialdeetako bat izango dela Espainia.

Gainera, inflazioak ere goranzko joera hartuko du 2022an, % 3,6raino, energiaren prezioak igoko direlako. 2023an, baina, moteldu egingo da igoera (% 1,1). Edozein modutan, 2021eko azaroan egindako aurreikuspenak gaindituko ditu Espainiak.

Kontsumo pribatua eta inbertsioa izango dira hurrengo bi urteetan Espainiako ekonomiaren hazkundean giltzarri. Hala, pandemia hasi aurreko mailan kokatuko da berriro BGPa 2022ko azken hiruhilekoan, duela hiru hilabete aurreikusitakoa baino lehenago.

Urteko bigarren seihilekoan indarra hartuta, BPGak % 5eko hazkundearekin itxi zuen iaz urtea. Esportazioek eta inbertsioek lagundu zuten horretan. Aldiz, energiaren prezioek eta covid-19ak eragindako kutsatzeek kontsumo pribatua murriztu zuten.

Omikron aldaeraren iritsierak ere "berehalako eragina" izan zuen Espainiako ekonomian 2021aren bukaeran, baina Bruselak uste du 2022ko lehen hiruhilekoan ondorio are nabarmenagoak ekarriko dituela, lan merkatuan bajak ugaritu direlako. Hartara, martxora arte, soilik % 0,6 haziko da BPGa.

Ekonomiak, ordea, apiriletik aurrera berreskuratuko du indarra. Hiru hilean behin % 1eko hazkundea izango du, 2023aren hasierara arte, eta hazkundea egonkortu egingo da orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Brusela Europa Espainia KPI berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa BPGd gaur