Ekonomia -
Erreformak
Rajoyk esku-hartzea baztertu, eta zuhurtzia eskatu die EBko agintariei
Horrela, Rajoyk amaitutzat eman nahi du Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen eta Mario Monti Italiako lehen ministroaren hitzek piztutako polemika.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Espainiak egun edo etorkizunean esku-hartzea behar izatea baztertu du. Ildo horretan, Espainiaren egoera zalantzan jarri duten Europako agintariei zuhurtziaz jarduteko eta nork bere erantzukizunak hartzeko eskatu die.
Rajoyk bere erreforma programaren alde egin du PPk Kongresuan duen taldearekin egindako bilera batean; izan ere, “egungoa bezalako bidegurutze handietan herrialde handiek derrigorrez hartu behar duten bidea da”.
Merkatuetan presioa handiko astea izanik eta arrisku saria azarotik izan duen maila altuenean kokatua egonda, Rajoyren hitzetan ezin zaio uko egin defizit publikoa murrizteko helburuari.
Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, ez bera ez bere Gobernua ez daude EBko inoren "aurka", eta, guztiek arazoak dituztenez eta konpondu behar dituztenez, "gainerakoek gauza bera egitea, beren erantzukizunak onartzea eta adierazpenak zuhurtziaz egitea” espero duela esan du.
Rajoyk bere agerraldian azaldu duenez, osasun erreforma eta hezkuntzako gastuaren arrazionalizazioa apirilean jarriko ditu abian. Maiatzean, bestalde, Gobernuak beharrezko murrizketak egiteko eskatuko die erkidegoei, Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren bilera batean.
Datorren larunbatean, Rajoyk osasun eta hezkuntzako murrizketa plan berria azalduko die PPko erkidegoetako eta eskualdeetako agintariei, Madrilgo PPko egoitzan egingo duten bileran.
Halaber, datorren ostiralean Ministroen Kontseiluak iruzur fiskalari aurre egiteko plana onartuko duela esan du. Aurrerantzean, laneko iruzurrari eta Gizarte Segurantzako iruzurrari aurre egiteko planak ezarriko ditu Gobernuak.
Era berean, finantza sistemaren erreforma arintzeko, etxebizitzak merkaturatzeko, pribatizazioak egiteko eta energia sektoreko erreforma osatzeko asmoa aurkeztu du Rajoyk.
Halaber, erkidegoetako telebistak beste modu batean kudeatzeko araudia, tasa judizialen legea, eta erakunde arautzaileen gardentasun legea erreformen agendaren barruan daudela esan du.