Ekonomia -
Iruzurraren aurkako plana
Atzerrian kontuak dituztenek Ogasunari esan beharko diote
Kongresuko osoko bilkurak Aurrekontuen Egonkortasunerako lege proiektua onartu du gehiengoz, PSOEren kontrako botoarekin.
Erredakzioa
Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroak gaur iragarri duenez, hemendik aurrera atzerriko bankuetan kontuak dituzten pertsonek horien berri eman beharko diote derrigorrez Ogasun Publikoari. Zerga iruzurrari aurre egiteko Diputatuen Kongresuak bihar onartuko duen planaren barruan kokatzen da Gobernuaren neurri berri hori.
Betebeharra kontuen titularrentzat zein onuradunentzat, edo baimendun edo ahaldun bezala agertzen direnentzat izango da, Montorok Diputatuen Kongresuan gaur azaldu duenez. Montorok defizit publikoa murriztera bideratutako administraziori eta zergei dagozkien neurrien laburpena egin du gaur Kongresuan.
Halaber, beste tituluen, baloreen edo kapital sozialaren ordezkapen eskubideen berri eman beharko da. Era berean, funts propioak edo entitateen ondarea, zein bizitza aseguruak edo baliaezintasun aseguruak, eta atzerriko entitateetan ezarritako ondasun higigarri eta higiezinen berri eman beharko da, Ogasun Ministerioak agiri baten bidez jakinarazi duenez.
Zerga amnistia
Ezkutuko errenten erregularizazioaren harira, ministroak "zerga amnistia bat" baino "ezkutuan dauden gaineko zerga bat" dela azpimarratu du. Ildo horretan, neurri hori positiboa izango dela esan du; izan ere, Espainiako ekonomia normalizatuko du, eta lurpeko ekonomiaren aurka borroka egiteko balio izango du.
Montororen hitzetan, "zerga ezberdinen artean aukeratu behar dugu egungo ohiz kanpoko egoeran", eta Gobernuak hazkunde ekonomikoari kalterik gutxien egiten dioten tresnak aukeratu ditu, eta kontsumoa eta barne eskaria galaraziko luketenak saihestu ditu; besteak beste, BEZren igoera.
Dena den, Miguel Ferre Estatuko Ogasun idazkariak ohartarazi duenez, bihar Ministroen Kontseiluan onartuko den iruzurraren aurkako planaren neurri gehienak ez dira 2013ko urtarrilaren 1era arte indarrean sartuko; 2.500 eurotik gorako operazioak eskudirutan ordaintzea debekatuko duen hori izan ezik, "ahalik eta arinen" indarrean sartuko baita.
Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea
Kongresuko osoko bilkurak Aurrekontuen Egonkortasunerako lege proiektua onartu du gaur gehiengoz, eta CiUko eta UPyDko laguntzarekin. Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak BPGren % 0ko defizita ezartzen du administrazio publikoentzat 2020tik aurrera.
Lege proiektuak aldeko 192 boto izan ditu, kontrako 116 eta 4 abstentzio.
Azkenean alderdi sozialistak kontrako botoa eman du, botazioaren azken unera arte PPrekin negoziazioetan izan arren.
Foru erregimenak
Parlamentuko iturriek jakinarazi dutenez, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak eta Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak Kongresuan talde jeltzalearen zuzenketa bat adostu dute, foru erregimenen espezifikotasuna aitortzeko, eta 2004ko araudiaren idazketara itzultzeko.