Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
Atzerriko kontuak erabiliz egindako iruzurrek ez dute preskribatuko
Halaber, Zerga Agentziak neurriak hartuko ditu zordunek kaudimenik ez dutela argudia ez dezaten.
Erredakzioa
Gobernuak zerga iruzurraren aurkako planaren lege aurreproiektua onartu du. Horren arabera, atzerriko kontuekin lotutako zor fiskalek ez dute preskribatuko; beraz, Ogasunak kobratu egin ahal izango ditu, noiz detektatu diren gorabehera.
Cristobal Montoro Ogasun ministroak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, baliogabe geratu ez den azken zerga-aldiari egotziko dizkiote errenta horiek.
Zordunen aurkako neurriak
Zerga Agentziak prebentziozko neurriak hartu ahal izango ditu, halaber, zordunek kaudimenik ez dutela argudiatzea edo ondasunak ezkutatzea saihesteko.
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordearen hitzetan, 6.000 milioi euro daude oraindik hartzeko, kobratu gabe, Espainiako auzitegietan zabaldu diren txosten fiskalak direla eta.
Moduluen araubidea
Bestalde, Gobernuak onartuko duen testuak aldaketak ekarriko dizkie moduluen araubideak bere gain hartzen dituen enpresariei.
Eskudirutan ordaintzeko murrizketa
Ministroen Kontseiluan iruzurraren aurka egiteko onartu duten planak dioenez, halaber, enpresariek eta autonomoek egiten dituzten operazioetan ezingo da 2.500 eurotik gorako ordainketarik eskudirutan egin.
Muga horrek ez du eraginik izango partikularren arteko edo partikularren eta bankuen arteko eragiketetan. Gainera, ordainketaren egilea atzerritarra izanez gero, 15.000 euroraino igoko da kopurua, turismoa sustatzeko.
Debeku hori betetzen ez dutenek eskudirutan ordaindutakoaren % 25 ordaindu beharko dute isun gisa.
Diru gehiago biltzeko helburua
Bestalde, planak ikuskatzaileak "sustatu" eta isun erregimen "gogor eta zorrotza" ezarriko duela azaldu du Montorok. 1.000 eta 100.000 euro arteko isunak aurreikusi dituzte ikuskatzaileen lana oztopatzen edo ikuskapenari uko egiten diotenentzat.