Ekonomia -
Lan erreforma
Epaitegi batek zalantzan jarri du lan erreforma konstituzionala den
Hain zuzen ere, legearen puntu batzuk Konstituzioaren aurkakoak izan litezkeela uste du Madrilgo Gizarte Arloko 30. epaitegiak.
Erredakzioa
Madrilgo Gizarte Arloko 30. epaitegiak lan erreformaren inguruko konstituzio-kontrakotasun galdera bat igorri dio Auzitegi Konstituzionalari, legearen puntu batzuk Konstituzioaren aurkakoak izan litezkeela uste duelako.
Epaitegiaren autoaren arabera, lan erreformak urratu egingo luke langileek bidegabeko kaleratzeen aurrean babes judizial eragingarria izateko eskubidea.
Halaber, bidegabeko kaleratzeen aurrean, langabezia prestazioa dutenen eta ez dutenen arteko berdintasuna ere urratuko litzatekeela argudiatu du.
Bidegabeko kaleratzeetan izapidetze-soldaten ordainketa kendu izana ere konstituzionala ote den zalantzan jarri du, hots, kaleratzearen unetik ebazpen judiziala izan arte kobratzen direnak.
Erreformaren izapidetzeari dagokionez, epaitegiak kritikatu egin du Gobernuak lege-dekretu izaerarekin onartu izana: "Tankera honetako erregulazioa ez da egokia premiazko arau batentzat, eta ez du justifikatzen Gobernuak legegintza subiranotasuna lekualdatu izana".
Enjarrolla SL enpresako langile batzuek euren kaleratzeen aurka salaketa jarri ostean atera du autoa Jose Angel Folguera Crespo epaileak.