Ekonomia -
ENERGIA-KRISIA
Euskadiko "oligopolio energetikoarekin" amaitzea eskatu du Elkarrekin-Podemosek, lege-proposamen batekin
David Soto koalizio moreko legebiltzarkideak energiaren euskal enpresa publikoa 100 milioi euroko inbertsioarekin eratzea proposatu du, berriztagarrietara bideratutako hainbat proiektu bultzatzeko, diru-sarrera propioak lortu arte.
EITB MEDIA
Elkarrekin Podemos-IUk energia berriztagarrien euskal enpresa publiko bat sortzeko beharra azpimarratu du asteazken honetan, Euskadin "oligopolio energetikoa" geldiarazteko.
David Soto koalizio moreko legebiltzarkideak prentsaurrekoa eman du Legebiltzarreko osoko bilkurak talde horren lege-proposamen bat aintzat hartzea bozkatu bezperan. Proposamen horretan berriztagarrietan oinarritutako sozietate publiko bat sortzea aurreikusten da.
Ekimena, baina, ez da aurrera aterako; izan ere, EAJ eta PSE-EE proposamen horren aurka agertu baitira. Jaurlaritzaren aburuz, ez da beharrezkoa erakunde publiko berri hori eratzea, 1982tik energia-agentzia bat baitu Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Elkarrekin Podemos-IUk planteatzen dituen funtzio eta eskumenekin.
Sotok gogorarazi duenez, prezio energetikoen egungo igoeraren arrazoia ez da soilik Ukrainaren aurkako gerra, azken hamarkadetan sortu den oligopolio energetikoaren ondorio dela uste baitu. Jaurlaritzaren energia-politikak "Iberdrolak urtez urte etekinen errekorra lortzeko" balio izan duela salatu du legebiltzarkideak.
Hala, 100 milioi euroko inbertsioarekin enpresa publikoa eratzea proposatu du, berriztagarrietara bideratutako hainbat proiektu bultzatzeko, diru-sarrera propioak lortu arte. Adierazi duenez, sozietate horrek eraikinen, etxebizitzetarako kooperatiben eta "oligopolioari" lotuta ez dauden enpresen birgaitze energetikoa sustatuko luke, eta, era berean, merkaturatzaile bat sortuko luke megawatt bakoitzeko 35 euro inguruko prezioan energia saltzeko.
Finean, epe ertainerako helburua "subiranotasun energetikoan" aurrera egitea eta "operadore publiko bat merkatu oligopolista batean sartzen laguntzea" izango litzake, Sotoren esanetan.