Ekonomia -
Eustat
Langabezia tasa % 12,1era igo da EAEn
Langabezia ia hamarren bat igo da 2012ko lehen hiruhilekoan eta guztira 125.600 pertsona daude enplegurik gabe.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan ia hamarren bat hazi da langabezia tasa urteko lehen hiruhilekoan, hala, % 11,2 izatetik % 12,1 izatera pasa da. Igoera horrek, batik bat, emakumeei eragin die eta Bizkaian nabaritu da gehien.
Halaber, Eustatek kaleratutako inkestak jasotzen duenez, EAEko etxebizitzen % 4,6tan, hau da 39.500etan, pertsona aktibo guztiak lanik gabe daude.
2011ko azken hiruhilekoan baino 8.700 pertsona gehiago daude langabeen zerrendan, eta guztira 125.600 herritar dira enplegurik gabe daudenak.
Hala 2012ko lehen hiruhilekoan 2.200 gizonezko izan dira lanik gabe geratu direnak, hau da, guztira 71.200 gizon daude enplegurik gabe. Emakumezkoen artean gehiago igo da langabezia, 6.000 emakume gelditu dira lanik gabe eta guztira 54.500 daude langabeziaren zerrendan izena emanda.
Hala, gizonezkoen langabezia tasa % 12,6an kokatu da eta emakumezkoena, berriz, % 11,5ean. Gazteen langabezia tasa da guztien artean altuena, % 26,5ekoa, alegia, 16 eta 24 urte arteko 13.200 gazteri eragiten die.
Datuak lurraldeka
Lurradeei dagokienez, langabe gehien zenbatu diren tokia Bizkaia izan da, 5.100 herritar gelditu dira lanik gabe urteko lehen hiruhilekoan, eta tasa % 15,2an kokatu da.
Gipuzkoan, 31.200 langabe daude guztira, 2011ko azken hiruhilekoan baino 4.400 pertsona gehiago eta langabezia tasa % 9,4an da.
Araban, berriz, 2011ko azken hiruhilekoan baino 800 lagun gutxiago daude lanik gabe eta langabezia tasa % 6,8koa da.
Lanean ari diren herritar kopurua
2012ko lehen hiruhilekoan 912.300 pertsona ari ziren EAEn lanean, haU da, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz 16.400 pertsona gutxiago.
Jaitsiera batez ere emakumeen artean nabaritu da, 10.500 emakume gutxiago ari dira lanean, gizonezkoen artean, berriz, 5.900 gutxiago.
Lurraldeka Bizkaian nabaritu da gehien beherakada, 10.100 pertsona gutxiago ari dira lanean, Gipuzkoan 5.500 gutxiago eta Araban 800 gutxiago.