Ekonomia -
Gipuzkoako Aldundia
Enpresei laguntzeko 20 milioi bideratu dituela gogorarazi du Garitanok
Gipuzkoako ahaldun nagusiak ukatu egin du inprobisatzen aritzen dela eta "berrikuntzan oinarritutako eredu bat sustatzea eta gizarte ekimena bermatzea" aldarrikatu du.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ukatu egin du inprobisatzen aritzen dela eta aurten Gipuzkoako enpresei laguntzeko 20 milioi euro bideratu dituela gogorarazi du.
Garitanok agerraldia egin du Batzar Nagusietan EAJk eskatuta. Krisiaren ondorioz kolokan dauden enpresei laguntzeko hartu dituen neurrien inguruan galdetu diote jeltzaleek.
Ahaldun nagusiak "berrikuntzan oinarritutako eredu bat sustatzea eta gizarte ekimena bermatzea" aldarrikatu du Gipuzkoako ekonomia indartzeko. Gainera, Aldundia kolokan dauden "enpresen eta langileen arteko kudeaketak" egiten ari omen da "diskrezioz".
Garitanoren esanetan, "ez dago inprobisaziorik eta 20 milioi euro bideratu dira enpresei laguntzeko, horietako zortzi milioi EAJrekin adostuta". "Ez da diru gutxi", esan du, enpresak babestea Aldundiaren "lehentasuna" dela azpimarratu aurretik.
Idoia Ormazabal Bilduren batzarkideak Gaindituz izeneko proiektua aipatu du, enpresei laguntzen dietela erakusteko.
Alderdien erantzuna
Markel Olano EAJren Batzar Nagusietako bozeramailea "kezkatuta" agertu da Gipuzkoako zenbait enpresaren egoerarekin.
Garitanoren gobernua kritikatu du, ekonomiaren sustapena "lehentasunen artean" ez duelakoan, eta krisi egoeran enpresei laguntzeko ekimenak eskatu dizkio, izan ere, horretarako "tresna zehatzik" ez duela iruditzen zaio. "Ez dut politika edo estrategia argirik ikusten" zergen ikuspuntutik enpresei laguntzeko, adierazi du Olanok.
Horren harira, "enpresen alorrean kezka eta ezinegona" sortu dela salatu du, "Aldundiak dirua biltzeko helburu bakarra duela dirudielako, ekonomia suspertu beharrean".
Julio Astudillo PSE-EEren batzarkideak, bere aldetik, Gipuzkoako aurreikuspen ekonomikoak "oso txarrak" direla eta Aldundiak "enpresen itxierak saihesteko estrategiarik ez" duela gaitzetsi du.
Azkenik, Iñigo Manrique PPren batzarkideak "publikoaren eta pribatuaren lankidetza" aldarrikatu du eta Aldundia "atzetik" doala kritikatu.