Ekonomia -
Zerga iruzurra
Bizkaiko Ogasunak 322 milioi euroko iruzurra atzeman du 2021ean
Jose Mari Iruarrizaga Ogasun diputatuak nabarmendu duenez, atzemandako izurraren eta ezarritako zigorren % 94 berreskuratu dute 2017 eta 2020 artean.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Ogasunak 322,1 milioi euroko iruzurra atzeman du 2021ean, kontrol eta egiaztatze jardueren bidez, Jose Mari Iruarrizaga Ogasun diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendari nagusiak prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.
Kopuru horren heren bat, 100 milioi pasatxo, Sozietateen gaineko Zergan egindako kontrol jardueren bidez azalarazi dute. Gainerakoan, BEZak (balio erantsiaren gaineko zerga), atxikipenek eta errentaren gaineko zergak lortu dituzte emaitza handienak.
Era berean, Ogasunak ustezko 12 delitu fiskal helarazi dizkio Fiskaltzari, guztira 9,8 milioi euroko iruzurra eragin dutenak.
Foru Departamentuaren arabera, iruzurrari eta dagozkion zigorrei dagozkien kopuru guztiaren % 94 berreskuratu dute 2017 eta 2020 artean.
Espainiako Gobernuak iragarritako beherapen fiskalak
Kazetarien galderei erantzunez Iruarrizagak aitortu duenez, Espainiako Gobernuak iragarritako beherapen fiskalek "zerga bilketari eragingo diote", zeharkako zergak direnez, EAEk ez duelako eskumenik: "Estatutik ezartzen dena onartu eta aplikatu baino ezin dugu egin".