Ekonomia -
Krisia
Sektore pribatuan ere lan astea handitzea proposatu du Confebaskek
EAEko patronalak krisitik ateratzeko proposamenak helaraziko dizkio Patxi Lopez lehendakariari.
Erredakzioa
Miguel Angel Lujua Confebask patronaleko presidenteak aurreratu du Euskadi krisitik ateratzeko "proposamenak" helaraziko dizkiotela Patxi Lopez lehendakariari.
Lujuak ez du baztertu sektore pribatuan ere lan astea handitzea, eta "lehiakorrak izaten jarraitzeko egin behar bada", egin beharko dela ohartarazi du.
Horren ildotik, EAEko langileek "hobeto eta gehiago" lan egin beharko dutela iritzi dio, "lehiakorragoak izateko eta krisia hobe pairatzeko".
Europa Pressen egindako elkarrizketa batean, Lujuak azaldu du patronalak maiatza aldera izango dituela prest proposamenak, eta ondoren Patxi Lopez lehendakariari igorriko dizkiola.
Lujuaren esanetan, EAEko enpresaburuek etendura-espedienteak erabiltzen jarraituko dute, iraungitze-espedienteak baino. Izan ere, enpresaburuek "ez dute enplegua suntsitu nahi, eta enpresaren bideragarritasuna arriskuan dagoenean baino ez dituzte lanpostuak murrizten".
Bestalde, patronaleko buruak adierazi du sindikatuek "jakin" behar dutela egungo egoera ekonomikoa txarra dela, eta "langileak ez ezik, enpresaburuak ere" pairatzen ari direla krisia. "Batuta ez bagaude, beranduago lortuko dugu krisitik ateratzea", dei egin du.