Ekonomia -
Segurtasuna eta lan-osasuna
Lan-erreformak langileen osasuna gutxituko du, sindikatuen hitzetan
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen esanetan, lan-erreformak eragina izango du langileen eta langabeen osasunean. Datorren larunbatean, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izango da.
Erredakzioa
Datorren larunbatean Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta horren aurkezpenean UGT eta CCOO sindikatuek adierazi dutenez, lege berriak "langileen osasun eskubideak murrizten ditu eta laneko arriskuen aurkako babes maila jaisten du".
Sindikatuotako ordezkariek lan erreforman “langileen osasunarentzat kalte handiena dakarten bi puntuak” azpimarratu dituzte: negoziazio kolektiboaren aldaketa eta kaleratze kolektiboa.
Halaber, UGTren eta CCOOren hitzetan, lan-erreformak enpresei langileen lan baldintzak moldatzeko ematen dion aukerak "arrisku psikosozialak" (depresioa, estresa, antsietatea, eta abar) areagotzen ditu; izan ere, langilearen gain jartzen du konpainiaren produktibitate ezaren presioa".
Bestalde, ELA sindikatuak Mariano Rajoyren Gobernuak ezarritako murrizketak ez aplikatzeko eskatu die EAEko eta Nafarroako gobernuei.
"Murrizketa horiek betetzeak langabeziaren eta pobreziaren agendan sartzea ekarriko digu", ohartarazi du.
ELAren hitzetan, Mariano Rajoyren Gobernuak proposatutako murrizketek ekonomiaren atzeraldi egoera areagotuko dute, eta gizarte-babesa murriztu eta langabezia handituko dute.
ELAk, halaber, Ministroen Kontseiluak joan den ostiralean Hezkuntzan eta Osasunean onartutako neurriak gaitzetsi ditu, "kalte larriak" ekarriko baitituzte. Era berean, telebistan onartutako arauak salatu ditu; izan ere, Mariano Rajoyk "Nodoa" nahi du.
Ildo horretan, LAB sindikatuak "lan-eskubideen eta eskubide sozialen murrizketek" langileen zein enplegua galtzen duten pertsonen osasunean eragin negatiboa izango dutela esan du.
LABen hitzetan, enplegua mantentzen dutenek ere pairatzen dituzte lan-erreformaren ondorio negatiboak; izan ere, "bajak hartzen dituzten langileak kaleratzea errazagoa da", eta, hortaz, langileak "gaixo" joaten dira lanera, "beldurragatik", eta horrek lan istripu gehiago eta "gaitz kutsakorrak" zabaltzea ekarriko ditu.